Sinadurak

Generoari buruzko gogoetak interbentzio sozio-hezitzaile eta psikosozialean

2016/11/25

Shaila Fernández.

Gizarte Hezitzailea

Eskerrak eman nahi dizkiet Berdintasun Batzordeko kideei, lan handia egiten dutelako, ezinbestekoak diren betaurreko more handiak erabiltzen dituztelako eta testuari eginiko ekarpenengatik.

Jaiotzean gizon edo emakume gisa irakurria izatea eta identitate horietan bereizita sozializatzea ez da doakoa, ezta ustekabekoa ere, ez dio joera natural bati, ezta joera ebolutiboari ere erantzuten, aitzitik, gizarte patriarkal batek legitimatzen duen logika soziokulturalak eusten dio eta hala, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasun biopsikosozialak ezin ukatuzko berdintasun faltan oinarritutako egoerei eusteko eta emakumeen mendekotasuna justifikatzeko balio dute.

Generoa gure nortasunaren funtsezko bidegurutzea da eta baldintzatu egiten ditu gure irudikatze psikikoak, identifikazioak, geure egiten ditugun rolak eta harremanetarako modua. Hori horrela bada, zergatik ez zaio genero identitateari lehentasuna ematen babesgabetasun, mendekotasun eta bazterkeria egoerak aztertu eta balioztatzean? Zergatik ez dira generoaren berezitasunekin batera egoten diren babes eta arrisku faktoreak behar bezain sakon ebaluatzen? Eta, era berean, interbentzioak egitean, zergatik ez dugu asmatzen bidegurutze hori eta haren baldintzatzaileak kontuan hartuko dituen interbentzioak egiten? Generoaren espezifikotasunak ukatzea ez al da, bada, gizarte patriarkal batean emakume bihurtzeak zuzenean eta zeharka dakarren berdintasun eza modu sotilean ukatzea?

Generoak (eraikuntza sozio-kultural gisa) eta sexuak (determinatzaile biologiko gisa) berezko dituzten berezitasun horiek kontuan hartzeko betaurreko moreak jantzi behar dira eta genero azterketa egin behar da eguneroko lanean izaten ditugun ondoezaren eta harremanen inguruan.  Hizpide dugun genero ikuspegi horrek, historikoki, historiaren, gizartearen, kulturaren eta politikaren eraikuntza subjektibo eta sozialari, emakumeetatik abiatuta eta emakumeekin, esanahia aldatzea izan du xedea (Lagarde, 1996) eta ikuspegi hori, Lagardek berak definitzen duen moduan, paradigma teoriko historiko-kritikoaren barruan sartzen da eta mugimendu feministak egindako ekarpen horrek errealitatea generoaren eta botere harremanen begiradatik aztertuko duen ikusmolde epistemologikoa izatea eskatzen du.

Ez dago ukatzerik emakumeak mendekotasun esplizituzko egoeran daudela eta esperientzia hori areagotu egiten da bereizkeria kategoria batzuk eta besteak sakon aztertzen baditugu (Jabardo, 2012); hala nola gizarte klasea, etnizitatea, erlijioa, sexu orientazioa, herritartasuna eta desgaitasuna; azken finean, hori berdintasun faltak alderik alde zeharkatzen duen gizarte baten isla besterik ez da eta aipatzen ari garen gizarte horretan, gustatu ala ez, emakumea arrisku faktore bat da. 

Gure eguneroko praktikan hori guztia bistaratzeko, pentsa dezagun emakumeek zer sufrimendu jasaten duten gure interbentzio espazioetan gurekin partekatzen dituzten harreman gatazketan, zer psikopatologia eta gaixotasun izaten dituzten, zer harreman estilo izaten dituzten eta familia sistemetan zer rol betetzen dituzten. Emakumeak inguratzen dituzten errealitate eta esperientzia horiek guztiak emakumeen ezaugarri sexualekin jaiotzeak, genero femeninoan hezi eta sozializatzeak eta harremanak generoari lotutako aginduek bultzatuta izan beharrak determinatu ditu, eta hori guztia, batzuetan sotiltasunez eta besteetan ageriko indarkeriaz, azpiko eta mendeko sexua direla esan dien testuinguru batean.


Mendeko izate horrek eragin egiten dio gure nortasunaren eraikuntzari: berdintasunik gabeko leku batean kokatuta bazaude, normala da besteek baino gaitasun gutxiago duzula sentitzea, zer desira dituzun garbi ez identifikatzea, zure gorputza ez estimatzea, zure beharrei lehentasunik ez ematea eta, askotan, zure burua besteen begiradetan islatuta eta haien iritziak baldintzatuta ikustea, bakardadea kudeatzeko zailtasunak izatea, zure burua besteen iritzietatik abiatuta balioztatzeko joera izatea, besteen beharrak zureen gainetik jartzea, seme-alabengatik, bikotekideagatik, gurasoengatik sufritzera etsitzea, eta haiek zaindu nahi ez izan arren, zaintzaile nagusi ez bazara, errudun sentitzea eta abar (Tavora, 2013). Generoaren irudikatze eta agindu horiek pisua dute emakumeen emozioetan eta nortasunean, arrisku faktoreak dira eta kontuan izan behar dira emakume izatea zaurgarritasun, hauskortasun eta ondoez iturri izatea dakarten subjektibotasunei aurre egitea helburu duten interbentzio psikosozial eta sozio-hezitzaile guztietan.

Garrantzitsua da nabarmentzea badirela desberdintasunak gizon eta emakumeon antolaketa psikologikoaren eta garapen ildoen artean, badirela desberdintasunak gure nortasuna osatzen duten ereduetan eta eguneroko ondoezetan. Sozializazioak eratu dituen desberdintasun horiek berdintasun faltak bihurtu dira eta berdintasun falta horiek eratzen dituzten botere harremanak edota gehiegikeriazko menderatze eta sumisio arauak eta horiei erreparatuta, indarkeria matxistak eragindako heriotzak icebergaren tontorra dira (Braidotti, 2004). Indarkeria matxista horren erroa sozializazioaren lehen testuinguruetan hasten diren harremanetan dago  eta indarkeriaren arazoa biktima/erasotzailea terminoekin aztertzeak ageriko muga epistemologikoa du; izan ere, indarkeriaren fenomenoa ulertzeko, bizitzaren arlo guztietako genero harremanen subjektibitatea ulertu behar da. Annete Kreuz familia eta bikoteekin lan egiten duen terapeutak esango lukeen moduan, arlo psiko-hezitzailean lan egiten dugun pertsonok ‘ezarrita dagoen horrekiko eta arau tradizionalekiko begirunegabetasunetik abiatu behar dugu’.

Hala ere, generoari lotutako aginduek ez dute zertan kontraesanik sortu eta asebetetzea eta ongizatea ere ekar ditzakete. Horrek ez du esan nahi emakumeek harremanetan gatazkak edo ondoez emozionala dutela adierazten dutenean, ez ditugunik aipatu ditugun genero agindu horiek osasun mentala arriskuan jar dezaketen elementutzat hartu behar.  Agindu horietako bat, eta esan daiteke agindu nagusia dela, gure harremanetan, zentrala ‘bestea’ izaten datza. Horrela sortzen da Ana Tavorak (2013) mendeko lotura esaten diona; izan ere, emakumeek ezartzen duten lotura besteak zaintzera bideratuta egoten da eta ez, hainbeste, indibidualizazio eta bereizte prozesua garatzera bideratuta. Horrela, harremanetako identitatea (Hernando, 2002) dei diezaiokeguna eraikitzen da eta horrek ekartzen du zaintzeko eta loturak mantentzeko duen gaitasunaren arabera baloratzea emakumeak bere burua eta besteek ere emakumea gaitasun horren arabera baloratzea (Jordan, 1991; Miler, 1992; Tavris, 1992; Worel eta Remer, 1992 in Moreno, Rodriguez Carrasco eta Sanchez, 2009) eta alde batera gelditzen da emakumeei, besteekiko harremanak eta emozioak alde batera utzi gabe, haien burua pertsona autonomo gisa garatzeko aukera emango liekeen indibidualtasun independentea. Indibidualtasun independente horrek aukera emango lieke haien buruekin konexio emozionala izateko, zer desira dituzten identifikatzeko eta bizitzan garrantzitsuak dituzten pertsonekin berdintasunean oinarritutako elkarrekikotasun eta truke loturak ezartzeko (Tavora, 2013).


Gizonen eta emakumeen psikearen antolaera bereizi horrek eragin egiten dio osasun mentalari. Osasunaren Mundu Erakundeak emakumeen osasunari buruz eginiko azterlan batek (2009) ohartarazten du genero desberdintasunek funtsezko zeregina dutela erikortasun psikiatrikoan. Gizonek alkoholaren eta beste substantzia batzuen kontsumoari lotuagoak dauden buru nahasmenduak izaten dituzte eta emakumeek berriz, antsietateari edo gogo aldarteari lotutako nahasmendu orokortuak izaten dituzte.  Azterlanaren txostenak dio, urtero, munduko 73 milioi emakume helduk izaten dutela depresio larriaren aldiren bat.   Txosten horretatik bertatik ateratako estatistika baten arabera, 2001etik 2007ra, ‘garatu’ esaten diegun herrialdeetan, 20 eta 59 urte arteko emakumeen % 40k tratamendua jaso zuten buru nahasmendu moderatua edo larriagatik eta tratamendu hori jasotako gizonak, berriz, % 30 izan ziren. Datuak berrikusgarriak dira, emakumeek gizonek baino laguntza gehiago eskatzen baitute ondoez psikiatrikoko kasuetan (Montero, 2004). Suizidio datuak aztertuta, genero desberdintasunak ere adierazle bereizgarria dira, jokabide autolitikoak ohikoagoak baitira emakumeetan. Jokabide horiek bultzatzen dituzten arrazoien artean daude, lehenik, haurtzaroko sexu gehiegikeriak eta bikote harremanetan izaten den indarkeria. Badira familiaren antolaera patriarkalarekin lotuta dauden beste arrisku faktore batzuk ere.


Eta egora hori ikusita, zer egin daiteke interbentzio sozio-hezitzailetik? Nola lagun dezakegu genero agindu horiek deseraikitzen? Nola deseraiki, alegia, emakume askori izaki autonomo eta independente gisa jokatzen uzten ez dieten eta beraz, kontraesanen mende edukitzen agindu horiek? Ana Tavoraren (2013) arabera, ahalduntzea helburu duen proposamen orok printzipio hauek izan behar ditu oinarri:

• Nork bere burua zaintzen ikastea
• Nia eraikitzea, besteengandik desberdina eta bereizia.
• Autonomia izateko nahia indartzea.
• Subjektibitateari eragiten dioten genero aginduak eta gatazkak ezagutzea (amatasunaren inguruan espero den hori guztia, maitasunaren inguruko ideiagintza erromantikoa, gorputza, bakardadearen kudeaketa, desira, zaintzen bizipena, lan produktiboa eta erreproduktiboa uztartzea...) 
• Erruduntasun sentimenduak eratzeko baliabideak izatea.
• Bikote harremanei buruz gogoeta egitea.
• Beste emakume batzuekiko harremanetan sortzen diren gatazkez jabetzea.


Ana Tavorak ahalduntzeko eskaintzen dizkigun parametro horien bidez, esanahia alda diezaiokegu emakumea biktimatzat hartzen duen ideiari, identifikazio horrek emakumea “birbiktimizatu” eta “birmenderatu” egiten baitu. Ahalduntzea ez da gure indibidualtasuna urratzen duten jokabide maskulinoak edo patriarkatuaren jokabideak identifikatzen ikastea bakarrik, baizik batez ere geure jokabideak identifikatzen ikastea; ikastea, nola guk, emakumeok, mendetasunean kokatzen gaituzten balioak, jokabideak eta ideiak erreproduzitzen ditugun. Garrantzitsua da beste emakumeekin ditugun harremanak eta ama eta kide gisa zer rol dugun birpentsatzea, bikote harremanetan zer rol hartzen dugun eta gure desira balio soziokulturalen inguruan nola eraiki dugun identifikatzea eta zaintzaile zereginaren inguruan ‘nahia’ eta ‘betebeharra’ bereizita gogoeta egitea. Zerbaitek ondoeza sortu orduko, gelditu eta pentsatu egin behar dugu ea gure bizimoduak ba ote duen benetan gustatuko litzaigukeen horrekin zerikusirik eta arreta jarri behar diegu aldaketaren bat egitea edo mugaren bat jartzea pentsatzen dugunean etortzen zaizkigun beldurrei.  Beldur horiek, askotan, harremanak haustearekin, abandonatuak edo baztertuak izatearekin edo besteen begietara hain desiragarri ez izateko beldurrarekin lotuta egoten dira eta beraz, hor ere, BESTEA funtsezko bihurtzen da gure nortasunaren eraikuntzan.  Hori guztia dela eta, oso garrantzitsua da emakumeekin egiten den lan terapeutikoan edo sozio-hezitzailean  indibidualtasun independentea lantzea. Osasun eta ongizatearen arloko profesionalak garen neurrian, ezin dugu gehiago onartu emakume askok haien jokabideak maitatuak sentitzeko beharrean oinarrituta bideratzea, ideia hori arrisku faktorea baita indarkeriazko harremanetan. Nortasuna osatzen duen elementu bakarra maitasuna izango ez duen kontakizun bat eraikitzen lagundu behar dugu. Nia definitzeak eta indartzeak ere izan behar dute nortasunaren eraikitzaile.

Historikoki, eredu terapeutikoek eta eredu sozio-hezitzaileek, emakumeen autoestimu arazoak lantzean, arazo horiek isolatu egin dituzte haien jatorrizko kausetatik. Kontraesankorra da harremanetako gatazkei buruzko hipotesi sistemikoak egin eta hipotesi horiek harremanen kontakizuna zehazten duen testuinguru soziokultural zehatz eta jakin batean ez txertatzea, batez ere, onartzen badugu gizarteek eta kulturek hegemonia kulturala, soziala eta ideologikoa erreproduzitzeko erabiltzen duten mekanismoa familia dela.  Hori onartzen badugu, emakumeen eta gizonen autoestimua eta harremanetako gatazkak lantzeko, aitortu egin behar da desberdintasun sexualaren garrantzia eta generoaren eragina; baita gainerako bidegurutzeak ere; hala nola etnizitatea, klasea eta sexu orientazioa. Baina ez autokontzeptu indibiduala hobetzeko bakarrik, baizik sexua/generoa sistema (edo sistema, oro har) eta sistema horrek ezartzen dituen mugak zalantzan jarri eta berdintasunezko harreman ereduak eraikitzeko ere bai (Lagarde, 2000).

Amaitzeko, nabarmendu nahi dut interbentzio sozialean dugun zeregina ez dela pertsonen eta familien ondoeza minimizatzera mugatu behar, baizik gizartearen eraldaketaren aldeko apustua egin behar dugu, gizartean, besteak beste, eta Lagardek (2000) dioen moduan, gizon eta emakumeen artean gailentasunik eta zapalketarik gabeko bizikidetza eraiki ahal izateko.

 

Oharra: Testu honek lehentasuna ematen dio emakumeari begirako generoaren azterketari, baina horrek ez du esan nahi interbentzio psiko-hezitzaileetan ez denik gizonei lotutako analisi partikularrik egin behar, uste baitugu, gizonen kontakizun, subjektibitate eta harremanetako ereduak ere baldintzatu egiten dituela generoak. Testu honek ez dio errealitate horri begiratzen, baina horrek ez du esan nahi berdintasunean oinarritutako harreman ereduak eraikitze aldera, emakumeen errealitateak adinako garrantzirik ez duenik.

BIBLIOGRAFIA

• Hernando, A. (2003). Poder, individualidad e identidad de género femenina en ¿Desean las mujeres el poder? Cinco reflexiones en torno a un deseo conflictivo. Madril: Minerva.
• Jabardo, M (ed.). (2012) Feminismo negros: Una antología. Madril: Traficantes de sueños.
• Lagarde, M. (1996). Género y feminismo: Desarrollo humano y democracia. Madril: Horas y horas.
• Lagarde, M. (2000). Cuadernos Inacabados, claves feministas para la autoestima de las mujeres. Madril: Horas y horas.
• Montero, Isabel, Aparicio, Dolores, Gómez-Beneyto, Manuel, Moreno-Küstner, Berta, Reneses, Blanca, Usall, Judit, eta Vázquez-Barquero, José L.. (2004). Género y salud mental en un mundo cambiante. Gaceta Sanitaria, 18 (Gehig. 1), 175-181
• Moreno Fernández, A., Rodríguez Vega, B.,  Carrasco Galán, M.J. eta Sánchez Hernández, J.J. (2009). Relación de pareja y sintomatología depresiva de la mujer: implicaciones clínicas desde una perspectiva de género. Apuntes de psicología, 27, 489-806.

• Távora, A. (2013). Una propuesta para abordar el sufrimiento de las mujeres desde la psicología social y desde la perspectiva feminista. Cuadernos de temas grupales e institucionales, 17.
• Osasunaren Mundu Erakundea. (2009). Women and health: Todays evidence, tomorrow`s agenda. Geneve.
• Braidotti, R. (2004). Feminismo, diferencia sexual y subjetividad nómada. Bartzelona: Gedisa

 

Shaila Fernandez.

Iruzkinak

Zure iruzkina utzi