Sinadurak

Arriskuan edota babes barik dauden haurrak: GHKEP-PISECO antolamendua eta diziplina anitzeko arloa

2014/03/28

Kepa Torrealdea

Agintzari GEK-ko Psikologo eta Psikoterapeuta

Adin txikikoa eskubidedun subjektutzat hartzeak, eta amatasuna/aitatasuna erantzukizuneko jarduntzat hartzeak –antzinako seme-alaben jabetzetik urrun–, isla argia izan du, esaterako, guraso ahala ezeztatu edota kentzea  bideragarri egin denetik –beste neurri batzuen artean–, baldin eta hori egitea justifikatzen duten baldintzak gertatzen badira.

Legediak erantzukizun subsidiarioaren nozioa ematen die gizarte zerbitzuei babes gabeko edo arrisku egoeren aurrean; horrenbestez, gurasotasunaren jarduna hezkuntzazko ongi egitearen maximaren mende gelditzen da, eta gurasotasunaren eginkizuna gainbegiratu egin daiteke baldin eta adin txikikoari bermerik ematen ez bazaio. Ondorioz, arlo honetan dihardugun profesionalok letra txikian idatzirik daramagu gure lanbidean gizarte kontrolatzaile aritzeko eskakizuna.

Horrek agertoki zail batean jartzen gaitu, eskaerarik gabeko erabiltzaile batekin lan egitera beharturik, hobekuntza markagailu bidez egiaztatzen den formatu batean eta prozedura bidezko metodologia batean murgildurik. Arriskua eta atentzioa kalkulatzeko prozedura horiek, halako profesional talde ugari eta askotariko batean beharrezkoak izanik ere, erne egotera behartzen gaituzte, baita prozedura hauen erabilera laguntzatzat hartzera ere –eta ez gure zereginaren helburutzat–. Bestela, profesionalok arriskua izan genezake prozeduraren arloa lehenesteko erabiltzailearekiko lan subjektiboaren kaltean, pentsatu gabeko ekintzan buru-belarri sartuta.

Bestalde, haurren babesgabetasunari buruzko literaturak ohartarazten duenez, garrantzi handikoa da atentziorako diziplina arteko esparru bat zehaztea, honako ekintza hauek artikulatzeko: detekzioa, jakinarazpena, ikerketa eta balorazioa. Gainera, esparru hori baliagarria izango da erabaki egokiak hartu eta kasuei eraginkortasunez heltzeko.

Ildo horretan, gizarte zerbitzuek, detekzio, ikerketa, balorazio eta arrisku nahiz babesgabetasun kasuen lanketan, logikoa denez, gizarte, hezkuntza eta psikologia arloko lantaldeekin batera jarduten dute. Heterogeneotasun profesional horrek argi eta garbi islatzen du babesgabetasunaren arazoaren sustraietan arrazoi ugari dagoela, eta, horrenbestez, logikoa dirudi egin beharreko esku hartzeek hainbat alor kontuan hartu behar izatea.

Aurreratuz joateko, aipatu nahi nuke zein leku hartzen duen diziplina anitzeko arloak balorazioari eta kasuen lanketari lotutako zereginetan. Horretarako, nik planteatzen dudan premisa zera da: diziplina anitzeko elkarrizketarako ahalegin guztien akuilua koordinazioa da, eta, koordinazioaz ari garenean, transmisioa eta elkar ulertzea bilatzeko jardunaz ari gara, eta ez “hartu izanaren agirien” moldeko informazio hutseko egintzez.

Hori esanda, inoiz jarri gara pentsatzen, nahi baino maizago, ea zergatik koordinazio bileretan desadostasun zaratatsuak eszenaratzen diren? Aztertu dugu behar bezala egitate hori?

Horren mamian ere arrazoi ugari daudelakoan nago. Horri dagokionez, hona hemen, laburbildurik, aztertzea mereziko luketen sakoneko kontu batzuk: kideen ezaugarri pertsonalak; bestelako begirada eta jarduera profesional batzuei buruzko aurreiritziak; lurraldetasun profesionalaren zentzu endogamikoa; aliantzei eta boterearen erabilpenari loturiko dinamika bereziak eta geure burua bigarren mailan jarri eta kasuari behar duen arreta jartzeko dugun zailtasuna. Hala ere, hemen alboko beste aspektu batean jarri nahi dut arreta, diziplina anitzeko bileretan izaten diren desadostasunen inguruan a priori kausal bat ezartzeko, alegia: esparru teoriko komun baten falta.

Diziplina anitzeko arlo horretan batu nahi diren profil profesional desberdinen funts teorikoak eta metodologia hainbat diziplinatan oinarritzen dira; hala ere, horrek haur babesgabetasunaren arazoa ulertu eta lantzearen nozioa aberastu badezake ere, batzuetan zaildu egiten du praxi egokia, askotariko begirada profesionalak integratzea zaila izaten da eta.

Dena den, nire iritziz, zailtasun hori ez datza zehazki diziplina anitzeko esparruan batzen diren profesionalek, beren prestakuntza dela-eta, kasuak ikuspegi sozial, hezkuntzazko eta psikologikoago batetik abiatuta aztertzean. Aniztasun hori abantailatzat har liteke, profilen heterogeneotasunak sinergiak eta, onik onenean, baita elkar ulertze bateratzailea ere ekar litzakeelako.

Norabide horri jarraituz, nire ustean, haur babesgabetasunaren fenomenoa azaltzeko teoria asko egotea ere ez da arazoa (eredu ekologiko-sistemikoa, empowerment ereduak –gaitasuna sustatzea–, babes faktoreak indartzeko ereduak, atxikimenduaren teoria eta haurraren beharren teoria, nagusiki). Edonola ere, hori guztia akuilu dugu ekarpen desberdinen aspektu giltzarriak amalgamatzeko eta, hala, hainbat tipologiatako fenomeno honi buruz gero eta gehiago jakiteko. Gogoratu beharra dago, gainera, horiek sortzeko eta mantentzeko oinarriak fenomeno kausal desberdinen gainean dautzala eta, hori dela eta, beren espezifikotasunari egokitutako premisen pean landu behar direla.

Esandakoan oinarrituz, agerikoa da aniztasuna aberasgarria izan daitekeela, baldin eta desberdina dena osagarri bihurtzen asmatzen badugu. Kasu batzuetan, zergatik izaten da aniztasuna banaketarako arrazoi?
Koordinazio edo balorazio baten barruan, edo diziplina anitzeko ingurune batean egindako kasu azterketa baten barruan, pentsatzekoa da desberdina den hori ekartzen duena gainerakoek ulertzeko modukoa izan daitekeela (daukan prestakuntza akademikoa dela eta, edo azalpen eredu batekin edo beste batekin bat datorrela eta), eta talde arrazoibide partekatuan integratu daitekeela, baldin eta taldekideek euste funtzioa egingo duten nozio epistemologikoak partekatzen badituzte, aniztasunari zentzu partekatua emanez.

Horri dagokionez, uste dut garrantzitsua dela taldeko jardun profesionala koherente egiteko eztabaida bat abian jartzea, non profesionalek oinarrizko nozio epistemologikoak partekatuko dituzten eta beren praxia talde praxira egokituko duten. Hala, diziplina anitzeko lanketaren kontzeptuari eginkizun artikulatu baten zentzua emango zaio, eta ez multi-eginkizun baten zentzua. Ildo horretan, Getxoko GHKEP-PISECOk 2002ko urtarrilaren 25ean aurkeztutako testuaren zati bat ekarriko dugu hona: Behatoki Taldeen esperientzia panela, non hauxe esaten baita: “Psikologia, gizarte eta hezkuntza arloko esku hartzeak umotze prozesu baten emaitza dira, taldekideen elkarrekiko erlazioaren eta barne erlazioaren emaitza, azken esku hartzetik haratago doan psikologia, gizarte eta hezkuntza pentsamendu batera daramana".
 
 
Kepa Torrealdea
Agintzari GEK-ko Psikologo eta Psikoterapeuta
 
1997. urtean iritsi nintzen Agintzarira, erregimen irekiko erreforma zentro batean hamaika urte lanean ibili ondoren. Kooperatiban hainbat zerbitzutan lan egiteko zortea izan dut. Lea Artibaiko EISEn hasi nintzen, eta bertan, lehen hiru urteetan, familia hezitzaile gisa lan egin nuen. Aldi berean, gurasobakarreko familientzako "Bakarrik Ez” programan psikoterapeuta ibili nintzen, Leioako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan. 2000. urtean, Arlobi taldean parte hartzen hasi nintzen (egungo Laguntza Teknikoko eta Arreta Psikosozialeko Zerbitzua) eta, aldi berean, psikologo eta gainbegirale gisa kolaboratzen ibili nintzen Bermeoko eta Durangaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan. 2008an SATEVIn hasi nintzen eta, horrekin batera, Eusko Jaurlaritzako adin txikientzako orientazio, aholkularitza eta informazio zerbitzuaren koordinazioa hartu nuen nire gain (egungo Zeuk Esan), eta egun psikologo eta koordinatzaile gisa jarraitzen dut bertan.

EFTA psikologo klinikoa eta psikoterapeuta naiz eta prestakuntza eklektikoa dut. Gaur egun analisi arloan nabil, eta bereziki interesatzen zait konexioak bilatzea psikoanalisiaren eta mindfulness delakoaren artean (meditazioa, sofrologia, prestakuntza autogenoa, etab.).
 

Iruzkinak

Zure iruzkina utzi