Sinadurak

Artea eta Terapia (I): Bidegurutzea

2014/02/27

Cristina Sanz

Agintzari GEK-ko Gizarte Hezitzailea


Batzuetan, artearen bidetik, argialdi bat-batekoak baina iheskorrak esperimentatzen ditut
Helena Vieira da Silva

Artearen eta terapiaren arteko bidegurutzetik Arteterapia esaten zaion diziplina berri bat agertzen da. Arteterapiari buruzko definizio bat eskaintzeko zailtasunaren oinarria bera osatzen duten terminoen indefinizioa bera da. Artea zein terapia etengabe bilakatzen ari den akotazio epistemologikoa duten bi eremu dira, eta eztabaida ugari sortzen dute akademikoen artean.  CEFAT zentroaren (Arteterapiako Ikasketa eta Prestakuntza Zentroa) fundatzailea den Sara Painek dioenez: “Multzoaren termino bakoitzari esanahi bat emanez Arteterapia definitzen saiatzea arriskutsua da: bi hitzak kontzeptualizatzea zeregin nekeza da, sintesia ezinezkoa, eta ahoskera eufonikoa” (En Sentido Figurado; Arg. Paidos; 2008).

Berrogeiko urteetan hasi zen artea (adierazpen plastikoa) terapiatzat hartzen.  Adrian Hill artistak jaso zituen lehendabizikoz bere hausnarketak, bi argitalpenetan (Painting out illness eta Art versus illness), tuberkulosiaren eriondoan bizi izan zuenari buruz, eriondo horren ondorioz erietxe batean sartuta egon behar izan zuelarik, II. Mundu Gerrako beste gudulari batzuekin batera. Asperduratik aldentzeko, ingresatuta egon zen bitartean margotzeari ekin zion, eta beste pazienteekin partekatu zuen bere jarduera.,  Paziente horietako batzuk gerrako irudiak marrazten hasi ziren, eta bizipen haiek beraiengan eragin zuten sufrimenduaz hitz egiten, eta borrokaldietan parte hartzearen ondorioz nozitzen hasi ziren beldurraz eta beste sentsazio artegagarri batzuez. Bere liburuetan Adrian Hillek artearen ondorio positiboen aldeko kanpaina egiten du, pertsonen ongizateari laguntzen dion prozesutzat hartuta. Erietxeko langile medikoak ere ohartu ziren ondorio haietaz, eta, horrenbestez, britainiar Gurutze Gorriak sendategi horretako esperientzia beste batzuetara zabaldu zuen, eta artearen praktika sartu zuen, tailerren eta erakusketen bitartez.

Aldi berean, antzeko beste praktika batzuk ere gertatu ziren, garatu ziren unean bertan ez jaso ez teorizatu ez baziren ere, a posteriori, horietako batzuen balio terapeutikoa agerian geratu da. Horrela gertatu da Vienako Friedl Dicker-Brandeis diseinatzaile eta hezitzailearen kasuan, egoera makurrean zeuden gizarte esparruetan arte irakasle moduan balio handiko lana egin zuelarik. Azpimarratzekoa da juduentzako Tezeringo (Praga) kontzentrazio esparruan garatu zuen lana, bertan sartu zutelarik naziek 1942an. Gatibualdia bi urtez luzatu zen, eta denbora horretan zehar 10 eta 15 urte arteko neska-mutikoekin jardun zuen tailer artistikoak kudeatzen. Tailer haietan erabilitako metodologiak adierazpen tekniken ezagutza eta adierazpen libreko eta garapen sortzaileko estrategiak uztartzen ditu. Horrenbestez, adingabeei tentsioak eta beldurrak askatzen lagundu zien eta, aldi berean, irudimenari leiho bat eskaintzen, eta existentzia justu baten aldeko esperantza irudikatzeko aukera.

Testuinguru historiko horretan, hainbat hezitzaile haurren adierazpide sortzaileari garrantzia ematen eta bultzatzen hasi ziren, hala nola Mara Montessori (1870-1952) eta Steiner (1861-1925). Eta, garai horretan bertan, zenbait psikiatra aurkitzen ditugu gaixo mentalen ekoizpen plastikoari buruzko interesa erakusten hasten direnak.  Psikiatra horietako bat Hans Prinzhorn izan zen (1886-1933), Artearen Historiako doktorea: paziente psikiatrikoen ekoizpen artistikoa aztertzen ari zelarik, pultsio dominatzaileen sistema bat ezartzea erabaki zuen, adierazpen psikotikoaren esplikazio moduan balio zezaketelakoan. Gaixo mentalek sortutako irudi haienganako interesak bat egin zuen denboran garai hartako artean ikusmenezko hizkuntza hausteko modarekin, izan ere, moda horrek inspirazio iturria aurkitu zuen irudi horietan. Prinzhornen obra aztertu zuten hainbat artista aipatu daitezke. Paul Kleek pertsonalki ezagutu zuen, eta garrantzi handia eman zion buruko gaixotasuna zutenek egindako artetik jaso zuen eraginari; Max Ernstek bere saiakera irakurri zuen, eta Dubuffet arte mota horretara hurbildu zen prestakuntza unibertsitarioa egiten ari zenean.

Artearen baitako paradigma aldaketa bati buruz ari gara hitz egiten. Adierazpen artistikorako eredu berriak azaltzen dira, hala nola kubismoa, futurismoa, arte abstraktua, dadaismoa, surrealismoa…, artea figurazio errealistatik eta arazketa teknikotik askatzen dutenak. Adierazpen artistikoak “ustezko estetika espontaneo bat hartzen du, zeinean obra berez justifikatzen den, betiere objektu estetikoaren ezaugarri tradizionalak mantenduz: Doakotasuna, erabilerarik eza" (Sara Pain; Op. Cit.).

Ustezko espontaneotasun horri buruz, Jung (1875-1961) egileari inposatzen zaizkion obrez mintzo da, beren forma beraiekin dakarten obrez. Ez da artistaren borondatea ekoizten duena, aitzitik, ideiek eta irudiek gainezka egiten dute haren kontzientzian, eta horrek sentiarazten dio bere obra bera baino handiagoa dela. “Nire obra ez-obra bat izatea gustatuko litzaidake. Horrek esan nahi du aurrez bururatukotako nire ideietatik harago kokatuko litzatekeela" dio iparramerikar posminimalismoaren artista izandako Eva Hessek (1936-1970).

Artearen paradigmaren aldaketa hori gertatzen den unean klinika psikoterapeutikoa ere erabat aldatzen ari zen, eta eraldaketa sakona gertatu zen gizarteak gaixotasun mentala eta beste giza sufrimendu batzuk hautemateko moduan. Ikuspegi berri horien eklosioak ahalbidetu zuen artea xede terapeutiko batekin planteatu ahal izatea.

Hain zuzen ere, 1958an, Margaret Naumbergek, Art therapy: its scope and function bere lanean, gutxi konprenitzen diren sentimenduei argitasuna emateko saiakera moduan deskribatu zuen artea, eta planteatzen du inkontzientetik eratortzen diren pentsamenduak errazago adierazten direla irudien bitartez. Hitzez kanpoko izaera duten artifizioak erabiltzea komunikazioaren konstante bat da. Beste pertsona batzuekin komunikatzen garenean, hitzez gainera, keinuak erabiltzen ditugu; eta ez da ezohikoa nahigabeko keinu batek gure diskurtsoaren benetako esanahitik gehiago adieraztea gure hitzen edukiak baino.  Adierazpen piktorikoan, edo eskulturan, edo argazkilaritzan…, hizkuntza ez da hain estereotipatua agertzen, eta horrek askatasun handiagoa ahalbidetzen du adierazpenari eta adierazitakoaren esanahiari dagokionez.

Iruditzat ulertzen da irudikatu nahi denaren eraikuntza gidatzen duen elaborazio mentala; posible dena bere baitan hartzeko, mugatzeko, dimentsioa emateko eginkizuna dauka.  Irudia sortzeko prozesuan, sinbolikoa sartzen da jokoan, subjektuak irudikatu nahi den zera horretatik funtsezkotzat jotzen dituen alderdiak “hautatzen” baititu. Ekintza artistikoan irudiak eraikitzen dira (bi-, tri- edo multidimentsionalak, estatikoak edo mugimenduan, iraunkorrak edo labur-laburrak…), lantzen den arte ezereza den materiari forma ematen diotenak.  Ildo horretan, materia osotasuna ere bada, errealitate bihurtu aurretik aukera guztien multzoa irudikatzen baitu. F.J. Collek zioenez (Murtziako Unibertsitateko Arteterapia Masterreko zuzendaria) irudia “bere sortzailearen dimentsio narratibo etengabearen edukitzailea” da. F.J. Collek gehitzen duenez,  irudien eraikuntzan bezala, “Arteterapiaren ardatz nagusia SINBOLIZAZIOA da”, ideia, emozio, afektu bat… irudikapen batean jartzen duena.

Zer gertatzen zaigu artelan bat behatzen dugunean? Ez al da egia ekoizpen jakin batzuen aurrean gure baitan zerbaitek durundi egiten digula? oroitzapen bat sentitzen dugula, déjà vu bat? pertsona bati axolagabetasuna eragiten dionak beste bat une goren batera eramaten duela? Horretan datza artearen sinbolismoaren esentzia, kontzientea eta inkontzientea konektatzen dituela, norberaren intimoeneranzko zubia dela. Eta, halaber, arketipikoarekin konektatzen gaitu, inkontziente kolektiboaren eraikuntza sinbolikoekin. Jungen hitzetan: “Irudi primigenioekin hitz egiten duenak mila ahotsekin hitz egiten du, singularretik eta iragankorretik izendatzen duena atzitzen eta gainditzen eta, aldi berean, beti denaren esferara goratzen du”.

Horrenbestez, alderdi emozionalak artean zein psikoterapian uztartu egiten direla ikusten dugu. Eta zeregin artistikoak, kontzientea eta inkontzientea batzen dituen eremu gisa, esku-hartze terapeutikoa ahalbidetzen duen testuingurua ematen du. Horrek ez du esan nahi artea terapiaren sinonimoa denik, aitortu behar bada ere artearen praktikak (aktiboa zein kontenplaziozkoa) ongizatea ematen diola pertsonari. Arteterapiaren oinarrian dago pertsona bakoitzak, baita ezagutza artistikorik ez badu ere, ahalmena duela bere sentsazioak, pentsamenduak eta emozioak modu plastikoan irudikatzeko, materiari forma emanez. Sortzeko ekintzan subjektua bere buruarekin elkarrizketan hasten da eta, amaitutzat jotzen duenean, “esanahia” ematen dion objektu bat aurkitzen du. Prozesu hori asmo terapeutikoarekin egiten bada, terapeutak subjektuari laguntzen dio, lehenago, bitartean eta ondoren. Prozesua, produktua eta bien artean gertatzen dena konpartitzen da, egoera pertsonalari lotzen zaiolarik, metaforikoki dagokionez, baina baita korrespondentziarik ez dagoen zera horretan ere, erreferentziazko esparru berri bat sortuz, norberaren baitan ezezagunena dena aurkitzea ahalbidetzen duena.
 

Edozein lekutan aurkitzen ditut gogoberotzen nauten estimuluak! Ondoren lan serio eta zaila hasten da. Halabeharrez berezkoa dena aurkitzea. Hor dagoeneko ezer ez kasuala. Orduan beharrezkoa da diziplinaz bilatzea, eta muntatzea, eta berrikustea.
Hannah Höch

 

Cristina Sanz
Agintzari GEK-ko Gizarte Hezitzailea
1995ean Pedagogian lizentziatu nintzen, eta 1999an hasi nintzen Uribarri-Zurbarango Gizarte eta Hezkuntzako Esku-hartze Taldean eta bertan jarraitzen dut egun ere. 2008an Arteterapiako Masterra atera nuen Murtziako Unibertsitatean, eta 2009an Psikoterapia Transkulturaleko Aditu ikastaroarekin osatu nuen nire prestakuntza, Madrilen.
Agintzarin egiten dudan lanaz gain, CEAReko boluntarioa naiz (Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea).

Iruzkinak

Zure iruzkina utzi