Sinadurak

Seme-alaba digitalen guraso analogikoak. 1.0 bertsioa.

2014/06/24

Roberto Blanco

Agintzari GEK-ko Psikologo

Helduen artean (aurrerantzean horien barruan gurasoak zein tutoretza edo zaintza gauzatzen duten pertsonak) esaten zen eta esaten da “teknologia berriei buruzko prestakuntza beharrezkoa” dela eta, ondoren, aitzakia orokor bat ematen da horiek erabiltzeari dagokionez, “nik teknologia kontuetan gauza handirik ez dakit, galdu samar nabil”. Kontua da teknologia leku pribilegiatuan kokatu dela (lehen munduan behintzat), eta inor ezin da edo ez du nahi hortik jaitsi.

Gaur egun, gurasoek zein haur eta nerabeekin lan egiten duten profesionalek erronka edo haustura nartzisista berri bati egin behar diote aurre (gizakia nagusia eta ahalguztiduna zelako autoirudiaren tronutik bota duten egiztapen eta errealitate guztien multzo moduan ulerturik. Lurra dagoeneko ez da eguzki sistemaren erdigunea, gure jatorria tximinoei lotuta dago, etab.). Bizi garen garai honetan gerta daiteke seme-alabak gurasoak baino bizkorragoak edo trebeagoak izatea teknologia erabiltzeari dagokionez. Historikoki, adinak estatus eta hierarkia bat ezartzen zuen etxearen zein gizartearen antolamenduan. Adin diferentzia eta metatutako esperientzia hutsarekin, heldua kokapen asimetrikoan jartzen zen haurrarekiko, eta horren arabera erakusten zion eta bizitzako alderdi guztietan nagusitzen zen. Adingabeekin dabilen edonork (aurrerantzean, 18 urtetik beherako haur eta nerabe guztiak), ikusiko du haurrak hezi egiten direla, baina zalantzarik gabe eurengandik ere ikasten dela, eta askotan adingabeak direla helduei ikasbidea ematen dietenak, baina orain egoera jakin bat azpimarratu nahi dut: gaur egungo gurasoen belaunaldi asko aro analogikoan hazi dira, eta orain aro digitalean bizi dira.

80ko eta 90eko hamarkaden ondoren jaiotako haurrak natibo digitaltzat har daitezke (Prensky, Marc. 2001), eta askotan helduek baino hobeto ezagutzen eta erabiltzen dituzte baliabide horiek. Ez dut soilik esan nahi haur bat gurasoak baino trebeagoa izango dela bideojokoetan; aitzitik, seme-alabak dira gurasoak ordenagailuak, mugikorrak, sare sozialak, etab. erabiltzen trebatzen dituztenak.

Rolen aldaketa horretan oinarrituta, haurra edo nerabea, bere asmo “ahalguztidunetan” bermatuta, eta lortu berri dituen tresna ebolutiboen bitartez, aurre egiten dio helduaren autoritateari eta legeari, eta heldua ere hor kokatzen du haurra, teknologia horietan erakusteko eta gidatzeko ezgauza dela adierazten denean. Dauden fase ebolutiboaren esanahia galdu daiteke, eta arriskua egon daiteke heldu orok bere kargu dituen adingabeak orientatu, gainbegiratu eta gidatzeko duen eginkizuna teknologia berri horietan bertan delegatzeko. Ohikoa da helduei egoera hori islatzen duen sententzia hau entzutea: “gaur egungo neska-mutilak oso bizkorrak dira, gu horien adinean ginena baino askoz gehiago”. Hortik aurrera, gurasoen aldetiko utzikeria gertatzen da, ez baitituzte haurrak eta nerabeak laguntzen eta hezten teknologia berriak deskubritzeko, erabiltzeko eta eragina neurtzeko. Teknologiaren ondorio onuragarriez asko hitz egin da, baina interesgarria da halaber adingabeengan eragiten dituzten ondorio negatiboei ere erreparatzea, hala nola obesitatea, lo falta, burmuinaren garapenaren ondorioak, menpekotasunak, jarrera erasokorra, etab. (Official Journal of the American Academy of Pediatrics, 2013). Badirudi argi dagoela teknologien erabilera arautu beharra dagoela, adingabeen adinaren arabera; zeregin hori helduei dagokie eta, zalantzarik gabe, buruhauste bat baino gehiago sortzen du.

Aldi berean, zeharka, espazio publikoei eta pribatuei ematen zaizkien balioaren eta mugen aldaketa bizitzea egokitzen ari zaigu. Gerta daiteke bizitza pribatuaren alderdi asko nolabaiteko erraztasunez espazio publikora igarotzea, adibidez, norbaitek harpidetuta dagoen sare sozialean kargatzen dituen argazkiak, hainbat pertsona ezagunek edo ezezagunek ere ikus ditzaketenak, edo tele-errealitateko programak, zeinetan hainbat pertsonak parte hartzen duten beren intimitatea erakusten (eurek nahi baino gehiago, edo programatzaileek kontrola dezaketena baino gehiago beharbada). Zalantzarik gabe, ia beti bezala, dinamika sozialak hausnarketak, legeak, arauak eta abar baino azkarrago gertatzen dira, baina badirudi argi dagoela helduen artean ez dagoela adostasunik mugak non jarri behar diren, eta, ondorioz, oso zaila izango da haurren mundura horri buruzko koherentzia bat helaraztea. Dinamika sozial publikoak eta pribatu familiarrak desberdinak dira, baina aldaketa sozialek hain azkar eta berriak ematen dute, non famili nukleo horretako helduen artean ulermen eta negoziaziorako ahalegin handia egin beharko den, euren kargu dituzten adingabeekin elkarrizketa eta heziketa mailan kokatzeko. Halaber, esanguratsua da adingabeei entzutea gurasoei mugikorrak “konfiskatzeko” eskatzea, eurak ez direlako gai sentitzen, esatera baterako, ikasten ari diren bitartean washappei ez erantzuteko, eta kontzentratzea oso nekeza gertatzen zaielako. Bitxia da ikustea nola adingabeek helduei eskatzen dieten helduarena egin dezaten.

Titulu orokor gisa “pantaila amak” aukeratuko nuke gizakiaren eta adingabeen heziketan egunero lagungarri, estimulu eta abar moduan erabiltzen diren makinetako zenbaiten artean ezartzen diren dinamiketarako. Mota guztietako pantaila amak daude (TB pantaila haur eta nerabeentzako kanal bereziekin, mugikorrak, tabletak, etab.), eta haurrak edo nerabeak orduak eta orduak eman ditzake horien aurrean. Batzuetan ez da helduen ikuskapen edo laguntzarik egoten edukien inguruan (marrazki, serie eta filmetan edota ematen den publizitatean), edo ez da begiratzen ikusten ari denarengan nola eragina duten. Heldua, batzuetan, ez da bertan egoten adingabea eguneroko errutina horretan zentsuratzeko, laguntzeko, entzuteko, partekatzeko, disfrutatzeko, etab. Are gehiago, hainbat unetan helduek utzi egiten diete adingabeei helduentzako diren edo haien adinerako desegokiak diren edukiak ikusten, “gaur egungo neska-mutilak oso bizkorrak direlako, gu haien adinean ginena baino askoz gehiago”, edo, besterik gabe, “gustukoa dutelako”. Dudarik gabe, horretan guztian arriskuak baino gauza gehiago daude, hau da, aukerak eta aberastasuna ere agertzen dira, baina artikulu hauetan lehenak baino ez dira aipatzen, hausnarketa moduan.

Orain dela urte batzuk, neska-mutil gormutu batzuekin sexuari buruzko tailer bat egiten ari ginela, aldi berean guk begiratzen genien baina eurek guri begiratzen ez ziguten nerabe batzuekin ari ginelako esperientzia bizi izan genuen, gure aldamenean genuen zeinuen hizkuntzaren itzultzaileari begiratzen baitzioten. Tailer hartako profesionalek partekatu genuen sentsazioa izan zen bidean “zerbait” galtzen zela, eta ez zen itzultzaileen errua. Sentsazio horixe bera izaten dut metroan noala, eta gero eta pertsona gehiagok besteekin harremanetan jartzeko arreta mugikorrean jartzen dugula ikusten dudanean (bakarrik zein lagunekin bidaiatuta). Zalantzarik ez da gauza asko irabazi dugula, baina baita “zerbait” galdu dela ere.  Uste dut “zerbait” horrek inplikazioarekin duela zerikusia, “zuzenekoarekin”. “Zuzeneko” hori “aurrez aurreko” moduan kategorizatu daiteke, mundu errealarekin, eta “zeharkakoa” mundu birtualarekin. Bi munduak, bi harreman motak elkarrekin bizi dira eta elkar elikatzen dute, baina logika eta arau desberdinak eta berezituak erabiltzen dituzte. Horretatik guztitik helduen arteko bizipenak sortzen dira eta, progresiboki, adingabeen artekoak ere. Nire iritziz, erabilera eta bizipen horiek ikusita, heldua gero eta urrutiago jartzen da adingabearengandik, bai benetako ezintasun disfuntzionala duelako, bai, are gehiago, onartutako ezintasunagatik, eta helduen eta haur-nerabeen munduen arteko lubakia gero eta handiagoa da. Oraindik ere etorkin digitalen hainbat belaunaldi daude, baina natibo analogiko askok, zenbait eta zenbait arazo izateaz gain, lehen pertsonan eta norberaren subjektibotasunean egiaztatu ditzakete aldaketa horiek, eta hobetzeko elementuak eskaini ditzakete. Halaber, datu historikoa da helduen mundua eta haurrena berezitzen dituzten aldaketak eta tarteak gero eta handiagoak direla, lehenago ikasitakoaren eta transmititukoaren artean ez zelako aldaketa handirik egoten, eta orduan hezitzailearen kokapena errazagoa zen; zailtasunen aurrean, ordea, helduek progresiboki atzera egiteko aukera dago, eta haurra edo nerabea bakarrik uzteko, gero eta autodidaktagoa izan dadin eskatuz (“erraz muntatzeko altzarien”, “egin ezazu zuk zeuk” logikan bezala, edo bideo tutorialetan bezala).

Irudiaren eta publizitatearen rolak beste artikulu sakon bat eskatuko luke. Hau besterik ez dut adierazi nahi: kontsumoaren gizartean, kontsumitu egin behar da, eta saltzen dutenak arduratzen dira heziketaz, besteek erosi dezaten. Erosten dutenen edo erosarazten dutenen artean haurrak eta nerabeak daude. Irudipena daukat helduek behar baino gehiago erosten dutela, eta “premia” horien artean teknologiak lehentasuna eta nolabaiteko “argi berdea” duela. Gurasoek seme-alabengana egiten dituzten ahalegin ekonomiko horiek haurren promesei eusteko moduan ulertu daitezke, hau da: lehenago esaten zen “ezin duzu, txikia zarelako, baino gero ahal izango duzu”, eta orain badirudi ideia dela “disfrutatu orain, heldu izatera iristen zarenean ikusiko duzu eta”.

Haurren zerbitzura dagoen gizarte baten tolerantzia hezkuntzako irizpide aldakorretan oinarritzen da, momentu historiko horren menpe dagoen haurtzaro baten errepresentazioan oinarritzen da. Haurrak babesteko sistemak orain dela gutxikoak dira, eta eratzen eta bilakatzen ari dira. Dudarik gabe, berrikuspen honek kontuan hartu beharko luke lehen aipatu dugun belaunaldien arteko lubakia, eta etorkin digitalei lagundu egin beharko lieke komunikaziorako zubi gehiago eta hobeak osatzen.
 

Roberto Blanco
 
Haur Psikologoa naiz, Sexologoa, eta Gizarte Hezitzaile Gaitua. 2001az geroztik gure kooperatibaren hainbat zerbitzutan gizarte hezitzaile eta psikologo lanetan parte hartzeko zortea izan dut (Leioako Eise, Satevi, Ezkerraldeko Arlobi). 2010az geroztik LTZn ari naiz lanean.
 
Azken garaian interesgarria eta niretzako erronka deritzot instrumentazio kasuen lanari. Baita efikazia eta efizientzia profesionalari lotutako arloa ere, eta denboraren iragatea eta zahartzea.
 

Iruzkinak

  • Bittor 30/06/2014 - 12:35:19

    Muy buena reflexión sobre un desafío (uno más) que se cierne sobre la educación de los hijos. Me he quedado pensando... Gracias por escribir en la sección.

Zure iruzkina utzi