Sinadurak

Zahartzea, zaharmintzea?

2014/10/27

Milagros López, Patricia García de Galdeano

Adineko Pertsonen Proiektu Taldea, Agintzari GEK.

“Zahartzaroa ez da gaitxotasuna””
Ceberio, M. (2013)

Azken urteetako aldaketa demografikoak esanguratsuak dira, biztanleriaren zahartze progresiboa eta bizitzaren aro horren gaineko ikuspegiaren aldaketa adierazten dutelarik; garai batean lan bizitza luze baten atsedenerako garaia zen zahartzaroa, baina gaur egun bizitzaren etapa horrek berez zentzua izan dezakeela jotzen da, hainbat aukeraz betea.

Biztanleriaren zati horri baliabide eta programa ugari bideratzen zaizkio, mendekotasun egoerei erantzuteko zein zahartze aktiboa sustatzeko jarduerak ezartzeko. Aitzitik, horiek al dira biztanleria zati honen behar guztiak? Zer bestelako behar dituzte eta nola erantzuten ari zaie? Hainbat profesionalekin kontrastatu eta gero, zalantza dago nola erantzuten ari zaien bateko eta besteko sistemetatik (sanitarioa, soziala…) pertsona adinduen beste arazo eta ondoez batzuei: konpondu gabeko doluak, famili harremanen arazoak, bakartze soziala… Ildo horretan, baliabide sozial eta sanitarioetan uste da pertsona adinduen portzentaje handi bat, mendekotasun egoeran ez dagoena, halaber ez dagoela ongizatea eragingo dioten jarduerak egiteko moduan, beste arazo batzuk dituelako konpontzeke. Arazo horiek, hain zuzen, blokeatu egiten dituzte bizitzaren etapa horretan egoki garatzeko, eta bereziki ahul bihurtzen dituzte mendekotasun egoeren aurrean.
 
Etapa batean aldaketa kognitiboak, emozionalak eta sozialak gerta daitezkeela pentsatzen dugunean, haurtzaroan eta nerabezaroan pentsatzen dugu. Haatik, zahartzaroa ere aldaketak sortzeko garaia da? Bi etapa horiek alderatzen baditugu, aldeak alde, nerabezaroak eta zahartzaroak alderdi asko partekatzen dituzte, bien ezaugarriak baitira aldaketa fisiko, emozional eta sozial handiak gertatzen direla, pertsonaren nortasunean eta bere ingurunean eragiten dutenak, eta bizitza krisia eragin dezaketenak. Sozialki oso barneratuta dago arazo emozionalak edo sozialak dituen nerabe batek laguntza behar duela, baina, depresio prozesu bat igarotzen ari den pertsona zahar batekin berdin gertatzen da?, bere egoera zahartzaroaren berezko egoeratzat jotzen da?, pertsona adindu batzuk triste daude adinduak direlako edo zerbaitek tristatzen dituelako?, osasunaren gaineko ohitura berriak, trebetasun sozial berriak… ikasteko ordua da?  Gure planteamendutik, galdera horiei erantzun nahian, pentsatzen dugu zahartzaroa bizitzaren momentu bat dela, zeinean garapenari laguntzeko interbentzioak egin daitezkeen hauskortasun emozional, erlazional eta sozial handieneko kasuetan, alderdi psikosozialak eta soziohezitzaileak landuz, pertsona edadetuaren ongizate kognitibo, fisiko eta emozionala eragiteko eta etorkizuneko epe labur edo ertainean mendekotasun egoerak prebenitzeko.

Zer ulertzen dugu zahartzea diogunean? Milagros Martin doktoreak Zahartzea eta Aldaketa Psikologikoak izeneko artikuluan ematen duen definizioa oso osatua da (2001): “Zahartzea, nire ikuspegitik, prozesu dinamikoa da, zeinean hainbat arlotako aldaketak elkartzen diren: biologikoa, psikologikoa, soziala… baina baita garatzeko aukerak dituen prozesu bat ere, eta bertan hainbat aldaketa espero izatekoak dira (nola eta zein indarrez gertatuko diren pertsonen araberakoa den arren) eta beste aldaketa batzuk patologikotzat jo daitezke. Prozesu horretan inguruneari buruzko aldagaiak, biografikoak eta zaintza bezalako faktore indibidualak elkartzen dira, eta, horregatik, ez dago zahartzeko modu bakar bat, zahartzen diren pertsonak beste baizik”. Ondorioz, zahartzaroa ez da prozesu unitarioa, elkarri lotzen zaizkion hainbat prozesuren metaketa baizik, eta prozesu horiek adin kronologikoari lotuta daude, beti horrekin bat etortzen ez diren arren. Pertsona adindu bizitzaren etapa horretara nola egokituko den bere nortasunaren arabera izango da, baita aurretiazko esperientzia familiar, pertsonal eta sozialen arabera ere, horiek zehaztuko baitute hein handi batean urteak betetzeak dakartzan betebeharren aurrean nola berrantolatzen eta egokitzen den. Horrenbestez, zahartze prozesuak alderdi horien guztien arteko interakzioa dakar, eta edozein arazo edo sintomaren azterketa hiru elementu horiek eta elkarren arteko interakzioa kontuan hartuta egin beharko da, inoiz ahaztu gabe gainbehera biologikoari lotutako aldaketek eta pertsonaren izaeraren gain gertatzen diren ondorioek protagonismo handiagoa hartzen dutela pertsonaren bizitza zikloaren aurreko etapetan baino.

Adineko pertsonen arreta psikosozial edo soziohezitzaileko eskaerari dagokionez, eskaera hori sintomatologia fisikoaren itxurarekin agertu ohi da, baina, kasu askotan, horrek arazo emozionalak eta sozialak ezkutatzen ditu, pertsona bera eta familia eta gizarte ingurunea ere ia horretaz jabetu gabe eta, ondorioz, laguntza eskatu gabe. Pertsona adindu bat triste badago, adinagatik da edo badago zer edo zer ondoez hori justifikatzen duena? Galdera horri ematen diogun erantzunaren araberakoa izango da pertsona zaharren emozio eta harreman arazoen aurrean hartuko dugun jarrera, eta aldaketa sortzeko ikusten ditugun aukerak. Hor egongo da gure jarrera profesionalaren gakoa, eta pertsona adinduak hartzen duen erantzukizunaren gakoa, bere arazoak onartzeko eta laguntza eskatzeko. Zalantzarik ez dugu hori guztia erabakigarria izango dela bizitzaren etapa horri lotutako estereotipoak eta aurreiritziak aldatzeko, horrek baldintzatzen baitu etapa horren aurrean guztiok dugun jarrera (pertsona adindua, familia, osasun eta gizarte profesionalak…).

Kontuan hartuta zahartzaroa bizi izandakoaren balantzea egiteko une bat dela, etapa honetan beharrezkoa da bideratu gabe dauden gaiak bideratzea, eta bizitzaren historia egoki integratzea. Halaber, oso garrantzitsua da gizartean parte hartzea, zahartze osasungarria segurtatzeko funtsezko elementu gisa. Ildo horretan, 2002. urteko Zahartzeari buruzko Ekintza Planak nabarmendu egiten ditu adineko pertsonen parte hartze soziala sustatzeko beharra, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza, eta bizitza osoan zehar garapen indibidualaren, autorrealizazioaren eta ongizatearen garapena sustatzea. Horren guztiaren barruan zahartze aktiboa esaten zaiona sartuko litzateke, zahartze arrakastatsua lortzeko funtsezko giltzarri moduan ulertuta, zahartze patologikoago baten aurrean, zeinean pertsonak gainbehera orokorra izango duen eta autonomia galduko.

Beraz, egoera ahulean dauden eta zahartzaroa arriskuan jartzen duten pertsona adindu asko arreta psikosozial eta sozio hezitzaileaz balia daitezke, ongizate bio-psiko-sozial handiagoa lortzeko. Horrekin autonomia funtzionala eta morala sustatzen da, baita gizarte integrazioa ere, eta mendekotasun egoerak prebenituko dira, adineko pertsonen, familien eta oro har komunitatearen mesedetan. Horregatik, beharrezkoa da zahartze osasungarria sustatzea, kontuan hartuta ez gaudela beharretan eta eskubideetan hezitako biztanleria baten aurrean, gehienbat betebeharretan hezitako pertsonen aurrean baizik, eta orain aukera berriak eskatzen dituela parte hartzen eta garatzen jarraitzeko.

 


 
Milagros López
Patricia García de Galdeano
Adineko Pertsonen Proiektu Taldea
Agintzari  GEK.

Milagros Lopez. Psikologo klinikoa eta famili eta bikote psikoterapeuta. Agintzari SCISen 2001. urtean hasi nintzen lanean, 2005. urtean egin nintzen bertako bazkide, eta kooperatibaren hainbat zerbitzutan eta arreta psikoterapeutiko pribatuan garatu dut nire zeregin profesionala. Gaur egun psikologo lanetan dihardut Barakaldoko Udaleko Aholkularitza eta Esku-hartze Psikosozialeko Zerbitzuan, eta Agintzarin adineko pertsonentzako programak sustatu eta garatzearen arduraduna naiz.

Patricia Garcia de Galdeano. Psikologoa eta famili eta bikote psikoterapeuta. Agintzari SCISeko bazkidea. Ingurune psikoterapeutiko pribatuan egin dut lan, prestakuntza ekintzak garatu ditut biltzar, tailer eta mintegietan, eta hainbat argitalpenetan parte hartu dut elkarlanean, esaterako: “Psicoterapia de la violencia filio-parental. Entre el secreto y la vergüenza”. Horrez gain, Seme-alabengandik Gurasoenganako Indarkerian Esku Hartzeko Zerbitzuan lan egiten dut (EUSKARRI). Gaur egun Barakaldoko Udaleko Aholkularitza eta Esku-hartze Psikosozialeko Zerbitzuan lan egiten ari naiz.
 
2011. urteaz geroztik, biak adineko pertsonen behar psikosozial eta soziohezitzaileei erantzuteko proiektuak eta ekimenak diseinatzen dituen Agintzariko Proiektu Taldeko kideak gara. 

 

Iruzkinak

Zure iruzkina utzi