Sinadurak

Arreta Psikologikoa Sexu Gaizkileentzat

2014/09/24

José Ramón Elizondo, Margarita Garay, Julio González del Campo, Kepa Torrealdea

Agintzari GEK-ko Psikologo eta Psikoterapeutak

Azken urteetan, sexu gehiegikeria edo erasoak dakartzaten delituzko jokabide edo portaera kriminalak –batez ere emakume eta haurren aurka– interes handia sortzen ari dira komunikabideen zein zientziaren aldetik. Delituzko portaera horrek arbuio, ezinikusi eta are laztura berezia eragiten du gizartearengan, Gizartea esaten diogun horren oinarri-oinarrizko adreiluen kontra jotzen duelako; hau da, gizaki batzuek oinarri batzuei uko egiten diete, Lege moduan ezagutzen dugunari uko egiten diote.

Gizakia, Gizartean bizi ahal izateko, bere desiorik ilunenak asetzeari uko egin behar dio, horietako gehienek izaera erasotzailea edo sexuala dutelarik. Bestearen lekuan jartzeko gaitasuna izan behar du, eta elkarbizitza osatzen duten mugak eta ukazioak onartu behar ditu. Horretarako, humanitatearen historian zehar, mekanismo psikikoak eratuz joan dira, muga horiek gainditzeko bulkada agertzen denean iragazki moduan funtzionatzen dutenak. Beraz, Legea ez da soilik subjektutik kanpo adierazten den zerbait, aitzitik, Legea, heldutasun psikoafektiboaren prozesuan zehar, pertsona bakoitzaren subjektibotasunean txertatzen da, gutako bakoitzak harreman intimo eta partikularra daukagu berarekin.

Arrazoiren bategatik, sexu delitu bat egiten dutenen artean harreman hori aldatu egiten da eta, horregatik, pertsona batek berriro ere sexu erasorik egin ez dezan, funtsezkoa da jakitea nolatan gertatu zen Legea urratzeko gai izatera eta lehen delitua egitera heltzea, baita ere zer asetasun aurkitu zuen horrekin; hau da, beharrezkoa da pertsonaren ebaluazio psikologiko osoa egitea, behar duen lan psikoterapeutikoa orientatzeko.

Sexu gaizkileek hainbat ezaugarri komun izaten dituzte, batez ere egindako delituaren izaerari lotutakoak, baina sexu gaizkile guztiak ez dira berdinak, ez da gauza bera bortxatzaile “esklusibo” bat edo jabetzaren kontrako gaizkile bat, ahal duenean sexu erasoa ere praktikatzen duena. Halaber, ohikoa da nahastea haurren sexu erasotzailearen kontzeptua –adingabeengan sexu erasoa egiten duena– eta paidofiloaren kontzeptua –sexu desioa haurrengana zuzentzen da–. Hau da, sexu erasotzailearen kontzeptua ekintza bat egiten delako definitzen da, eta paidofiloarena, berriz, desioaren orientazioagatik.

Ikus dezakegunez, sexu eraso bat dakarren delitu bat egiten denean oso ezaugarri desberdinak egon daitezke atzean. Gaur egungo kontsentsuak dioenez, ez dago sexu gaizkilearen profil estandar bat, ez dago pertsonalitatearen patroirik, ezta patroi psikosozial jakinik ere. Finkelhorren arabera1 , sexu erasoak azaltzeko orduan, beharrezkoa da hainbat faktore erabakigarri kontuan hartzea, hala nola erasotzailearen nortasun mota, bere ingurune sozio-kulturala, haurren aldetik aktibazio sexuala dagoen ala ez, eta beste batzuk. Faktore erabakigarri horiek beharrezko faktoreetatik bereizi behar dira, horiek azalduko baitute gehiegikeriazko portaera.

Beharrezko faktore bakar moduan, Finkelhorrek portaeraren desinhibizioa aipatzen du, hau da, muga haustea, Legeari muzin egitea.

Sexu erasotzaileak, lehen delitua egiten duenean, hesi etiko, sozial eta legezko handi bat gainditu behar du. Pertsona gehienentzat muga hori hain da argia eta indartsua, inoiz ez dute benetan gainditzea pentsatzen, eta pentsatzen badute, esan dugunez, mekanismo psikologiko indartsuak daude pentsamendu horiek ekintza bihurtu ez daitezen. Horrek azaltzen du gizarteak zergatik erreakzionatzen duen laztura, shock eta ulertezintasunarekin sexu delituez ari garenean.

Esparru kontzeptual horren barruan, funtsezkoa da ibilbide hori miatzea, erasotzailea deshumanizatu eta gizartearen loturatik kanpo uzten duen ekintzara daraman ibilbidea, izan ere, Legea barneratzea da horda izateari utzi eta gizarte eratzea ahalbidetzen diguna.

Miaketa lan hori ezinbestekoa da sexu erasotzaileak bestearekiko lotura berria berreraiki ahal izan dezan. Lan hori sistema penalak bilatzen duen gizarteratzearen helburua betetzeko modu pribilegiatu bat da, pertsona bat gorputz soziala osatzen duten herritarren multzoan berriro sartu eta horrek dakartzan eskubideez baliatu ahal izateko, besteentzako arriskurik eragin gabe, herritar horiek beren buruari ezartzen dizkieten automugetan parte hartzea, eta horretarako, agerikoa denez, delitua egin duenak delitu ekintza hori subjektibatu egin behar du, hau da, ekintza hori eta justiziak ezarri dion zigorra ez dela beragandik kanpo dagoen zerbait ikusi behar du, eta, aldiz, nolabaiteko onarpen subjektiboa egon behar da, Legea barneratzea edo, behintzat, ontzat ematea.

Jende gehienarentzat horma sendoa dena paper mehe bihurtzeko zer gertatu zen, nola, noiz eta zergatik zehaztea, eta, hortik aurrera,Legeak ezartzen dituen mugak barneratzeko lana egitea, horrek oinarritzen du benetako gizarteratzea, hau da, gizarte moduan eratzea ahalbidetzen diguten inhibizio estrukturalak barneratzen dituztenen multzoan partaide izateko aukera. Hori da egitekoa.
(1) Iturria: “Manual de protección infantil”, Ochotorena J. De Paúl eta Arruabarrena  M.I.
 

Elizondo Macho, Jose Ramon
Garay Taibo, Margarita
Gonzalez del Campo, Julio
Torrealdea Koskorrotza, Kepa
Agintzari SCIS.

Iruzkinak

  • Esther Llona 26/09/2014 - 10:11:26

    Gracias sabia/os compañera/os por cruzar con este interesantisimo artículo la barrera de la incomunicación sobre "personas no aceptadas", dejandonos en "reflexión" y con tarea para tod@s

Zure iruzkina utzi