Sinadurak

FUNTSEZKOAREN BALIOA

2020/06/25

ESTHER LLONA

PSIKOLOGOA

Garai zailak dira gizateriarentzat, hala ere, COVID-19ak agerian jarri du, beste behin ere, pertsonen izateak eta egoteak aske izaten jarraitzen dutela, lau hormaren artean konfinatuta baldin badaude ere. Hainbat dira hedabide espezializatuak giza arraza nabarmendu eta bere onenari eta okerrenari balioa ematen dietenak, interes alderdikoiekin. Ni horien aurkakoa naiz, izan ere, nire inguruan aurkitu dut ez dela sinesteko eta sortzeko barne askatasuna galtzen, nahiz eta nahasmendu eta ziurgabetasunarekin bizi, are funtsezkoa galtzeko beldurrarekin ere (bizia, mugimendu askatasuna, harreman soziala, etxebizitza edo lana).
 
Miresmen osoz ikusten ditut bizitzearekin bakarrik nahikoa ez duten gertuko pertsonak, bizi izandakoari, esperientziari, zentzua bilatzen saiatzen direnak. Horiei, bihoakie nire txalorik sentikorrena, nire aitortza. Egun hauetan, berriro ere “El hombre en busca de sentido" ("Gizakia zentzu bila") liburua irakurtzen aritu naiz, eta bere lanean Viktor Frankl-ek nazien kontzentrazio esparruetan izan zuen esperientzia kontatzeko idazten dituen hitz apartak gogoratu nahi ditut. Bere itxialdi urteak sufrimenduz bizi izan zituen gizonak, barren-barrenean sentitu zuen zer adierazi nahi duen existentzia soil batek, ezer gabe, guztiaz gabetuta, izate hutsaz izan ezik. Une haietan non dena galdua zuen, non gosea sentitu zuen eta hotza eta etengabeko basakeriak pairatu zituen, non hainbatetan exekuziotatik gertu egon zen, inolako arrazoirik gabe, Viktor konturatu zen, gorabeherak gorabehera, bizitzak merezi duela bizi izatea, eta bere esperientziaz erakusten du nola barne askatasuna eta giza duintasuna suntsiezinak diren. Ez naiz ausartzen haren lekukotzari ezer gehitzera, baina partekatu egin nahi dut: gizakiak bizirik iraun beharko luke Covid-19a gaindituta, edo beste mehatxu batzuk gaindituta, baina ez hori bakarrik, kontua ez baita bizirautea, bizitzan humanoagoa izatea baizik.
 
Lessingek baieztatu zuen: “Badira gauzak arrazoia galarazi ahal dizutenak, ez bada ez duzula galtzeko arrazoirik”. Egunotan pertsona adituek, psikologia eta psikiatriako profesionalek nabarmentzen duten ideia da, egoera anormal baten aurrean, erreakzio anormala dela portaera normala. Horregatik, ez dugu inor zentsuratuko noizbait sinesteari uzten badio, gero, beharbada indar handiagoz, gainerakoei lagunduko dieten ideiak sortzeko bada. Nire esperientzia profesionalean, zalantzarik gabe, amesgaizto itogarrienak, jazarpenezkoak, ez dira amesgaizto onirikoak, baizik eta pertsonek esperimentatzen dituztenak euren ametsetik (“reverie”) esnatzen direnean. Euren bizitzan ezertan, inorengan, ezta euren buruarengan ere sinestea lortu ez duten pertsonei buruz ari naiz, Pertsona horiek galdua dute giza izatea; ez dago hori baino atsekabe handiagorik. Arrazoi horregatik, gomendagarria dirudi pentsatzea bizitza psikikoari era aktiboan eustea, eta hori partekatzeko nahia izatea, dela sufrimenduari aurre egiteko lorpen handienetakoa.
 
Egunotan, txoko txikietan, balkoietan, lagungarri ditugu animo hitzak, poemak, abestiak, akabera gabeko mezu piloa, hitzen esanahiaz harago sentitzen duguna adierazteko, komunikatzeko. Norbera entzuna izateak sendatzeko duen ahalmena gehiegi balioetsi dela badirudi ere, une hauetan, izan bedi laguntza baliagarria duen funtsezko egiteko bat. Horregatik, eskerrak osasun arloko pertsona guztiei edo boluntarioei, bereziki gainerakoen zaintza egiten duten profesionalei, euren lanarekin duindu egiten dutelako borondate, lankidetza eta besteekiko konpromiso sinboloa. Duela gutxi, gutun bat irakurri nuen, Julio Gomez Cañedorena (Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrietako medikua), eta hor oso hausnarketa interesgarria egiten zuen bizi dugunaren inguruan. “Dena pasa ondoren, ez gara berdinak izango eta gure gizartea ere ez da lehengoa izango”, zioen berak. “Baina egitekoa ez da hor bukatuko. Zentzuaren ordua izango da. Bizi izan dugun guztiari zentzua aurkitzeko unea. Minari, zauriei eta egindako aurkikuntza eta ikaskuntzei. Geure buruari zor diogu eta gehien sufritu dutenei zor diegu. Horrela, eta horrela bakarrik, berpiztuko gara gizarte gisa. Eta behin betiko garaituko dugu birus hau. Konturatu egingo gara, finean, kontua ez zela borroka egitea, baizik eta zaintzea. Kontua ez zen gerrak egitea baizik eta zainketak. Geure burua zaintzea. Besteak zaintzea. Gure mundua zaintzea. Beti zaindu dezakegulako. Eta jada ez gara izango gerran diharduen gizartea bat, baizik eta zaintzen duen gizarte bat”. “Gauza bakarra dago beldurra baino indartsuagoa – “Gose jokoak” filmean Snow presidenteak Senekari esaten dion bezala–: esperantza”. Ordutik, egunotan ideia horiek darabilzkit buruan, konfinamenduko bizipenak umeekin, gazteekin eta euren senitartekoekin partekatzen ditudanean. Ikusten ari naiz, orain inoiz baino gehiago dagoela gauzak partekatzeko beharra, interesik gabeko egoeretatik bizi indarra ematen diguten esperientzietara, enpatiak uztartzeko, baita gurekiko iritzi kontrajarriak dituztenen sinpatiak ere, kolektiboari gizartearen partaide izatearen eta bertan parte hartzearen nahia itzuliz.
 
Telelanak eman didan esperientzia izan da familietan, txikienak ere konfinatuta zeudela, sortutako erresilientzia, egoerara egokitzeko eurek ere ezagutzen ez zituzten baliabideen jabe. Horiek dira niretzat nork bere mugak gainditzeko eredu, hasieran funtsezkoa ez edukita ere, egun hauetan etxean etxekoekin leku segurua aurkitu dutela esaten dutenak. Aspertuta igarotako uneak “ondasun preziatu” gisa deskribatzen dituzte, abiadura geldiezinean doan gizarte batean non prisen gurpila beti bueltaka ari den, gehiegizko kontsumora bultzatzen gaituela, nork bere burua etxean aurkituz, lasaitasun guneen artean. Aita edo ama izatearen exijentzia hori gainkargaz bizi dutela adierazten dute, mundu horretara egokitzeko ahalegin handiak egiten dituztela azpimarratzen dute, baina mundu horrek garrantzitsuena kentzen diela diote, euren denbora, seme-alabekin partekatzen ez duten denbora. Horri gehitzen diot telelanean profesionalari sortzen zaion desadostasun kognitiboa, bere seme-alabak ahaztu bezala egiten dituenean, laneko egitekoen erantzukizuna bere gain hartzeko zaintza mezu jarraituak ematen dituen bitartean. Profesional jantzien beharretatik sortzen den leialtasun gatazkak, profesionalak konfinamenduan bateraezinak diren egitekoen aurrean kosta ahala kosta arduratsu jokatzen ahalegintzen badira ere, desadostasun arrakala mingarria sortzen du, kontziliatu nahi dituzten desberdintasunak, jakin badakite ere ondasun preziatuenari uko egiten ari direla, buruan mailukaz jota bezala behin eta berriro entzuten dutelarik arbaso jakintsuen atsotitza: “Errementariaren etxean zotza burruntzi”.
 
Txikienez inguratzea benetako pribilegioa dela sentitzen dut, eurekin bizi edo lan egiten dugulako, edo besterik gabe haurtzaroaren defendatzaile hutsak garelako, konfinamendu egoera honetan oparia egiten digutelarik, funtsezkoaren ikasgaia: euren izatea. Euren bizitza, barrez, negarrez, ametsez, beldurrez, jolasez, ilusioz eta dezepzioz beteta dago. Euren hotsak isilarazi egin dituzte egunotan gure kaleetan, baina berriro ere funtsezkoa gogorarazten digute lotan dauden edo ikusi ezin duten begien aurrean. Euren ahalmenean sinestea, haurtzaro bat eraikitzeko konpromisoa sortzea da, zeinetan euren beharrak defendituko diren, non ondare bat transmititu ahal izango diegun: zer espero dugu euren bizitzez?  Baina, beharbada, aurrez geure buruari honako galdera hau egin beharko genioke: eta zer egiten dugu gure bizitzekin? Pertsona heldu garen heinean, euren bidelagun izateko erronka eta erantzukizuna dugu, euren bizitzak “nahikoa segurua” den lekua izan daitezen, non euren buruan, eta gainerakoenean, sinetsiko duten. Bizitzak egiten dizkigun galderak entzuterik balego, erantzun zuzena aurkitzeko grinarik gabe, horrela gure jokabide eredua zabaldu ahal izateko, pertsona bakoitza ezin delako albokoarekin alderatu, giza espezie barruan izaki desberdinak, eta bakanak, garelako, baina antzekotasun eta interes berarekin: munduan leku bat aurkitzea.
 
Itxaropen mezu bat partekatu nahi dut, egun hauetan familiek eta txikienek irakatsi didatena gehituz: “seme-alabez gozatzen ari banaiz ere, oroimenean ezusteko elkarbizitza jarraitu honen une onak daramatzat, ongizatea sentituz neure ondoan ditudalako, besterik gabe”. Beharbada, beste honako hau ere ikasteko daukagu: pertsona eta gizarte gisa astiroago joateko baimena hartzea, gure eskura denbora gehiago izatea edo funtsezkoa lehenestea. Denborak etengabe egiten duenez aurrera, beharbada beste honako hau ere gogorarazi beharko digute: familiaren eta laneko bizitzaren artean mugak jartzea dela hartu beharreko erabaki osasungarri eta garrantzitsuena. Txikienei “arreta osoz” begiratu eta entzuten badiegu, gerta daiteke euren emozioen benetakotasunak, euren beharrezko kritikek gu harritzea, eta, haien zaintzaileen bizitzak aldatu eta hobetzeko nahiak aurkitzea haien hitzen artean. Zaintzen hierarkia aldatzen ari ote da? galdetzen diot neure buruari. Giza desoreken ondorioak guri itzultzen hasita dagoen mundu honek ea lortzen duen begirada kritikoz lehendabizi geure zilborrera begiratzen has gaitezen, eta orduan, beharbada, gure etxeetatik hobetzeko beharra sentituko dugu.
 
Nire esperientziak esaten dit mundua aldatu aurretik barne mundu segurua eduki behar dela, eskuzabala, estimuz, kezkaz eta sinesmenez jantzia, sortzeko nahiari jaten emango dioten ideiak barne. Egunotan, seme-alabekin ikusteko pelikula zaharren bila ari ginela, klasiko bat aukeratu genuen: “Ana Franken egunkaria”. Hark utzitako ondareak, isileko leku batean idatzitako egunerokoak, nerabezaro betean bizitza garatzen ari zenekoak, oparia egiten digu bere konfinamenduan: emozio zurrunbilo bat, ideiena, kritikena, ametsena, nahiena… eta horiek berriro ere funtsezkoa oroitarazten digute. Anak, nerabezaro apalean, bere koadernoan bere esaldietako bat utzi zigun idatzita, duen funtsagatik eta indarragatik ospetsu egin zena: “Zein zoragarria da inork ez duela une bakar bat bera ere itxaron behar mundua hobetzen hasi aurretik!”. Orain, ea sinesten dugun erabakitzea dagokigu, ea buruan argitasun tarte bat sortzen dugun, mundu batean elkarrekin bizitzeko era bat, non funtsezkoa etengabe nahasten den ezinbestekoa ez denarekin eta hutsala denarekin.
 
Esther Llona Rivas

Iruzkinak

Zure iruzkina utzi