Sinadurak

“Aldaketaren aurreko beldurra”

2013/09/23

Mark Elton

Agintzari GEK-ko Psikologo

2011ko urritik 2012ko urrira bitartean Agintzariren “Esku-hartze psikosozialaren erronkak eta zailtasunak ingurune hertsagarrietan” izeneko Proiektu Taldean parte hartu nuen. Proiektu Talde hori Laguntza Teknikoko Zerbitzuko (LTZ) kide batek eta biok proposatu genuen, eta abiapuntua honako hau izan zen: haurren babesgabetasun egoeretan esku hartzearen ezaugarria izan ohi da familia erabiltzaileek ez dutela eskaririk egiten eta, ondorioz, gure aurreikuspenak eta esku hartzeko modua bera egokitu behar izaten ditugu. Esperientzia hori gogoan, eta azken urteetan LTZko erabiltzaileekin zuzenean izan ditudan harremanak ere kontuan hartuta, gustatuko litzaidake aukera hau hausnarketa pertsonalago bat aurkezteko aprobetxatzea, aldaketa terapeutikoa sustatu ahal izateko orduan aurkitu ditudan arazoei dagokienez. LTZn adingabeekin zein gurasoekin lan egiten badugu ere, artikulu honetan batik bat erabiltzaile helduez jardungo naiz, izan ere, azkenean beraiek dira eskaintzen ditugun esku-hartze prozesuetan lankidetza eta laguntza emateko (edo ez emateko) ahalmena dutenak. 

Lan arlo honetan esperientziarik izan gabe, erraza litzateke pentsatzea erabiltzaileek zalantzarik gabe onartzen dutela eskaintzen dugun babes terapeutikoa, baina uste hori okerra da, pertsona horiek, oro har, maila handiko estresa eta ondoeza eragiten dituzten egoerak pairatu dituztelako, eta guk eskaintzen dugun espazioa hautematen diren arazoak ulertzera eta bideratzera zuzenduta dagoelako. Aitzitik, haurren babesgabetasun egoeretan esku hartu nahi denean alderdi hertsagarria agertzen bada, panorama asko konplikatzen da. Erraz gerta daiteke gurasoen figurak “guraso txar” moduan juzgatzen direla sentitzea, eta beren burua mehatxupean parte hartzera behartuta sentitzea (egiazko mehatxupean edo ez), hau da, laguntzen ez badute beste neurri inbaditzaileago batzuk hartu beharko direla.

Hori esanik, eta elementu horien eragina aitortuta ere, artikulu honetan erabiltzaileen alderdi pertsonalak nabarmendu nahi nituzke gehiago, beraien esperientzien emaitzak, zeinak aipatutako testuinguruko faktoreekin nahasten diren, izan ere, horrek gehiago oztopatzen du parte hartzen dugun profesionalok benetan laguntzeko nahia dugun pertsona moduan onartzea.

Ondoren, erabiltzaileek nik lan egiten dudan zerbitzuarekin kontaktuan sartzean ekartzen dituzten uste, beldur eta zalantzetako batzuk deskribatzen saiatuko naiz, ulertuta horiek aurreiritzi inplizituak direla, hausnartzeko eta ahoz adierazteko pentsamendu prozesu batetik urrun.  (Gaur egungo literatura psikoanalitikoan, atxikimenduaren teoriaren ideien eraginaren bidetik, “Ezagutza Erlazional Inplizitua” terminoa erabiltzen da, horrelako uste “automatikoak” deskribatzeko).

Nire iritziz, uste inpliziturik ohikoenetako batzuk hauek dira:

“Lagundu nahi didazula konbentzitzen saiatuta ere, zure benetako asmoa da ni mendean hartzea da, kontrolatzea eta umiliatzea…”

“Zugan konfiantza jartzen badut eta benetan naizen bezalakoa ikusten hasten bazara, ez dudala ezertarako balio konturatuko zara, nire barnean ezer onik ez izateko beldurrak nagoela egiaztatuko duzu…”

“Niganako omen duzun interesa ez da egiazkoa, egiazko balitz ez nindukezun saio baten eta bestearen artean hainbeste denbora itxaroten edukiko…”

“Ez naiz zure interesa eta arreta neureganatzeko gai izango, aspertu egingo zaitut, zure pazientzia agortuko dut…”

“Ez dago barruan daramadan amorruaren indarrari aurre egingo dionik…”

“Zuk uste duzu nire haurrari nik baino hobeto ulertzen diozula, zure asmoa da guraso gisa ditudan akatsak seinalatzea; hasteko, ni baino hobea zarela uste duzu…”

“neure gurasoekin konparatu behar nauzu, pentsatu behar duzu haurrarekin haiek nirekin egin zituzten akats berdinak egingo ditudala, baina egia da nik ahal izan dudan guztia egin dudala bestelako guraso bat izateko…”

“Azkenean hautematen badut nigana daukazun ardura benetakoa dela, ez naiz gauza izango neure barrena askatzeko nahiari eusteko, orain arte ukatu dudan min guztiarekin konektatzeko. Ez bazara hori toleratzeko gauza, abandonatu egingo nauzu; alta, niri entzuten hor jarraitzeko gai bazara, nire sentimenduekin konektatu beharko dut, eta beharbada horiek jasanezinak dira. Edonola ere, orain baino okerrago amaituko dut…”

“Nirekin egoteko interesak zure beharrekin baino ez du zerikusirik, zeure euskarri emozionalen beharrarekin; ni onartuko banauzu neure beharrak zapaldu beharko ditut, zureak zein diren asmatu eta horietara egokitu. Zugandik benetan zer behar dudan ulertzeko eskatzen badizut, desagertu egingo zara…”

“Neure buruari zure beharrean nagoela onartu bezain pronto, ez dut onartuko ni hobeto edo okerrago sentiarazteko duzun kontrola.  Eta, zalantzarik gabe, badakit lehenago edo geroago abandonatu egingo nauzuna”.

Lehen adierazi dudanez, horrelako “ ezagutza erlazional inplizituak” modu ezkutuan egiten du lan, behatu daitekeen interakzioaren azpian dagoen azpitestu ikusezin baten moduan, eta horregatik ahalmen handia dauka erabiltzaile-profesional komunikazioaren eredua itxuraldatzeko. Profesionala, interakzioan, pertsonen arteko harreman “normalen” eta “sanoen” arauei jarraituz bezala aritzen bada, arrisku handia dauka erabiltzaileak laguntzeko asmorik gabe ematen dituen erantzunak gaizki interpretatzeko, eta arriskua dauka bere erantzun emozionalei men egiteko; ondorioz, pazientziarik eza, etsipena, amorrua, ezintasuna, enpatia falta eta, are, baztertzeko eta mespretxatzeko sentimenduak ere agertu daitezke. Sentimendu horiek erabiltzaileari helarazten bazaizkio, eta profesionala ez bada gai horiek aitortzeko, aztertzeko, ulertzeko eta erregulatzeko, bere jokabideak erabiltzailearen aurreiritzia berresteko baino ez du balioko, hau da, ulertzen ez dion beste pertsona batekin dagoela pentsarazteko, ez diola lagundu nahi, ez duela jasaten bere sentimenduak adieraztea, baztertu egingo duela, etab.

Nire asmoa ez da hausnarketa horien inguruko ekintza edo teknika jakinik proposatzea, aitzitik, partekatu besterik ez dut nahi, “oroitzapen” gisa balio dezaten, pazientzia handiagoa izateko lagungarri moduan, bai erabiltzaileekin bai geure buruarekin ere, laguntzeko ahaleginean dihardugula itxuran erantzunik ez dagoelako motibaziorik gabe aurkitzen garenean, zapuztuta aurkitzen garenean. Erabiltzailearen konfiantza gureganatzeko egiazko aukera bat izatekotan, nire iritziz, ezinbestekoa da haren diskurtsoaren alderdi baliodunak aurkitzea, eta beraren emozioak onartzen ditugula helaraztea, baita uste duena okerra bada eta seme-alabei buruz orain duen ikuspegia desitxuratua bada ere.  Haren diskurtso esplizituaren azpian egon daitezkeen beldurrei eta iritziei gehiago erreparatzeak balio dezake guraso horren barne munduarekin hobeto konektatzeko, denbora tarte batez barnealde horretatik lan egiteko, eta gero, aliantza terapeutikoa finkatuta dagoenean, beste ideia eta perspektiba berri batzuk sartzeko. Pentsatu nahi nuke gogoeta hauek harremanaren hasieratik bertatik jarrera ulerkorragoa eta enpatikoagoa izaten lagundu dezaketela, lotura terapeutiko iraunkorra lortzeko aukera maximizatuz; eta “porrot” egiten dugunean, kasu horretan familiak gure laguntza aprobetxatu ezin izateko zein motibo egon diren ulertzeko. 

 

Mark Elton
Agintzari GEK-ko Psikologo

Psikologiako karrera amaitu eta gero, haur psikoterapeutarako prestatu nintzen Londresen, eta ondoren Euskal Herrira etorri nintzen bizitzera, 2005ean; Agintzarik Bilboko Udalean kudeatzen duen Arreta Psikosozialeko Zerbitzuan hasi nintzen psikologo lanean. Gaur egun Psikoanalisi Erlazionala da nire arretagune nagusia.

Iruzkinak

  • Josu Gago 22/10/2013 - 19:48:28

    Muy buena la entrada, Mark. Me ha gustado mucho la agudeza con la que "traduces" que hay por debajo en la mente de los usuarios-as, esos "comentarios relacionales implícitos". Y me gusta también el consejo que das respecto a hacer consciente desde el lado profesional esas dificultades que ellos traen y que están a la base de la relación de ayuda, para no caer en otras lecturas o actitudes profresionales (el desánimo, la frustración). Eskerrik asko

  • Arantza llona 15/11/2013 - 10:47:31

    Excelente Mark, es bueno entre compañeros , tener un espacio de reflexión donde tomar conciencia de las maneras de poder entender y aceptar el reto tan grande que tenemos con los usuarios de los servicios sociales. Para la próxima , anímate y escribe algo sobre infancia y apego!!!! tienes mucho que transmitir. Gracias

  • Arantza llona 15/11/2013 - 10:52:54

    Excelente Mark, me ha gustado mucho que nos haya proporcionado un espacio de reflexión sobre el gran reto que supone trabajar con este perfil de usuarios , y que podamos compartir un espacio donde darnos apoyo para la tarea diaria. Anímate y escribe sobre infancia y apego , que tienes mucho que aportarnos

Zure iruzkina utzi