Sinadura Nabarmendua

Psikomotrizitate Terapiaren bitartez lotura konpontzeko lana

Data: 2020/10/28

Idazlea: Pablo Gutiérrez

Kargua: Busturialdeko EIPSEko gizarte-hezitzailea eta psikomotrizista

Sarrera:
 
         Artikulu honen asmoa da Busturialdeko Interbentzio Psiko-Sozio-Hezitzailerako Taldeak egindako Psikomotrizitate Laguntzarako programaren esperientzia zuekin partekatzea, zeina Gasteizko XIV. Psikomotrizitate Jardunaldietako paneletako batean aurkeztu baitzen, zertzelada batean, edizio horren gaia loturaren balioa izan zelarik. Lotura hori, askotan, kaltetuta egoten da gure laguntasuna jasotzen duten haurrengan, edo hainbat gabezia aurkezten ditu, egitura psikikoan grabatuta geratzen direnak, hurbileko ingurunearekin elkartzea eta harreman osasuntsuak edukitzea galarazten dietelarik. Eta, lotura hori konpontzeko, nor hoberik gurasoak baino (edo atxikimendu segurua eskaintzen duten hurbileko beste figura batzuk), seme-alabekin psikomotrizitate gelan zuzenean jardunez, guk (psikomotrizistak) konponketa prozesu baten laguntzaile moduan jardunez, eta, askotan, hunkitutako behatzaile moduan, lotura hauskor hori berreguneratzen eta sendotzen dela ikusita.
 
Interbentzioaren testuingurua kokatzen laguntzen duten elementuak:
 
Egindako interbentzioa testuinguru instituzional batean kokatzen da. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen lan esparruan kokatzen da. Gizarte Laneko Unitatea Gernika-Lumon dago, eta Bizkaiko eremu horren inguruko 18 udalerrik osatzen dute. Erakundearen helburua da bera osatzen duten udalerrien premia sozialak asetzea, esaterako: familiaren babesa eta laguntza sustatzea, gizartean desabantaila egoeran dauden haur eta gazteen ongizate soziala sustatzea, hirugarren adina babestea, prebentzio ekintza eta zerbitzuak bultzatzea, bazterketaren kausak prebenitzea eta ezabatzea, beharrezko baliabideak sustatzea herritarrek euren eskubide sozialen buruzko informazioa eta aholkularitza izan dezaten, etab.
 
Planteatutako helburuak lortzeko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek (OGZ) Interbentzio Psiko-Sozio-Hezitzailerako talde bat  dute (EIPSE). Taldea Agintzari kooperatibak kudeatzen du, eta psikologo batek eta hiru hezitzailek osatzen dute, babesgabetasun edo bazterketa sozialeko egoeran dauden adingabe eta familiekin lan egiten dutenak, batik bat testuinguru prebentibo, psikologiko eta hezitzailean jardunez.
 
Familiekin eta adingabeekin zuzenean egiten den lana bi interbentzio ildo bereizietan antolatzen da: indibiduala (laguntasuna, jarraipena, laguntzak, etab.), eta taldekoa (adingabeekin, nerabeekin, helduekin, etab.). 
 
         2005. urteaz geroztik, EIPSEk Psikomotrizitate Praktika Lagungarrian zentratutako programa bat garatzen du inguruko hiru ikastetxetan, arazo ebolutiboak, afektiboak, portaerazkoak, ikastekoak eta abar dituzten adingabeak laguntzeko. Metodologia horrek 2002/2003 ikasturtean hasitako Heziketako Psikomotrizitate interbentziorako programari jarraipena eman eta osatzen du.  Kasu gehienetan, euren familiaren dinamikak baldintzatutako adingabeekin izaten dugu harremana. Dinamika horietan, une batzuetan, arazoak gertatzen dira gurasoek haurrak hazteko dituzten trebetasunetan, hainbat mailatako gabezia edo hutsuneekin (existentzialak, afektiboak, materialak, erlazionalak, etab.), zeinek haurraren garapen ebolutibo egokia galarazten baitute.
 
         Psikomotrizitate Interbentziorako programak, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak haur eta familientzat eskaintzen dituen baliabideen barruan, printzipio hauek ditu oinarri:
 
Lehen mailako sarean diziplina askoko baliabide psiko-sozio-hezitzaileak gehitzea, Gizarte Zerbitzuen gaur egungo  prestazioak osatzeko, eta horien prebentzio eta babes zeregina sendotzeko, haurrak babesteko sistemaren barruan.
Ikuspegi bat eskaintzea eta 3-12 urteko adingabeengana iristea, haien egoera baloratzeko eta laguntasuna eta lan    emozionala landu ahal izango den espazio bat eskaintzeko.
OIGBtik interbentzio zehatz bat eskaintzea, gorputzean eta jolasean oinarritua, harremanak ezartzeko arazoak dituzten      haurrei. 
Hori guztia interbentzio terapeutikotik abiatuta, Bernard Aucouturierren Psikomotrizitate Praktikaren printzipio teoriko eta praktikoetan oinarrituta.
 
Helburu hauekin:
 
Banakako zein taldeko espazio terapeutikoak sustatzea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzutik, Psikomotrizitateko  interbentzioaren testuinguruan adingabeek euren gurasoekin harreman hezitzaile bat eduki ahal izan dezaten, harreman    emozional eta sozialetarako zailtasunak lantzea, gorputzaren eta bizipenen metodologia batetik, haurraren egitura psikikoan grabatuta geratu diren eta ingurunearekin lotura osasuntsua izatea galarazten duten bizipen negatiboak konpontzeko aukera emanez.
 
Metodologiak, lehen unetik, harreman eta komunikazio etengabea planteatzen du haurraren familia, eskola eta gizarte testuinguruarekin. Ingurunearekiko komunikazio horren helburuaren premisa da ingurune hori guztia egitura sistemiko moduan ulertu behar dela, interakzio dinamikoan dagoen osotasun moduan. Horrek ulertarazten digu multzo hori osatzen duten kideetako bakoitzaren egoera gainerakoetako bakoitzaren egoerak baldintzatu dagoela.
 
Psikomotrizitateko Laguntza programaren garapenean perspektiba sistemiko hori aplikatzeko, beharrezkoa da behatzea nola integratu behar diren perspektiba hori oinarritzen duten printzipioak (familia sistemaren maitasunaren ordenak), planteatutako helburua erdiesteko. Beraz, honi erreparatu behar zaio (Parellada 2006):
Ordenaren garrantzia, belaunaldiz gaindiko begirada.
Interbentzio edo laguntasun psiko-sozio-hezitzailearen elementu guztiak txertatzearen balioa.
Gure jatorrizko testuinguruekiko leialak izatearen garrantzia. 
Sistemaren barruko interakzioen garrantzia (edozein elementu disfuntzionalek gainerako elementuei eragin diezaieke). 
Sistema barruko ordenak eta desordenak. Gehienetan, inkontzienteki funtzionatzen dute. Kontua desordenak identifikatzea da, eta irtenbideei begiratzea, sistema funtzionalagoa eta operatiboagoa izan dadin, parte hartzaile guztien ikasbidea eta  ongizatea sustatuz.  
 
Arreta berezia jartzen diogu ikuspegi sistemiko horri, izan ere, eredu horretatik abiatzen gara, psikomotrizitatearen ikuspegira gehituta eta ezin hobeto doituta, gure lana egiteko, psikomotrizitate gelan lotura konpontzeko gaitasuna osatuz eta indar handiagoa emanez.  Helburua hori izanik, hau da, lotura konpontzea edo berreskuratzea, kasu askotan amak (portzentajerik handienean) edo aitak beraiek bihurtzen dira, seme-alabekin batera, saioetako protagonista.
 
Programaren garapena:
 
Interbentzio prozesua eta familiarekiko eta sistema osoarekiko harremana hainbat modutara hasi daiteke. Familiako kideren batek zuzenean jotzen duelako Oinarrizko Gizarte Zerbitzura, kezkatuta dagoelako familia sistemaren alderdiren batengatik (helduen edo seme-alaben zailtasun sozio-hezitzaileak, erlazionalak, edo familia egoera kaltegarriak edo gabeziak dituztenak, etab.), edo inguruko gizarte, hezkuntza edo osasun zerbitzuren batek bideratu dituelako. Lehendabizi, gizarte langileak egiten dio harrera eskaera egin duen familiari, eta, egoera ezagutu eta gero, Gizarte Zerbitzuetako mankomunitateak dituen programetako batean hezkuntzako laguntasuna edo partaidetza eskaintzen dio, planteatu den egoera edo eskariaren arabera. Programa horietako bat da Psikomotrizitate Laguntza.
 
Planteatzen diren eskarien ehuneko handi batean, ikusten dugu arazoak daudela harreman emozional eta sozialetan, gurasoen eta seme-alaben arteko lotura hauskorra delako. Lotura hori bizitzaren eta harremanaren lehen urteetan eraikitzen da. Gure iritziz, “haurtzaroko loturek haurrek babestuta eta seguru sentitzeko beste pertsona batzuekin ezartzen dituzten harremanei egiten diete aipamena.  Horien zeregina da euste, babes eta konfiantza harremana sortzea. Bizitzaren lehen urteetan, lotura hori inguruko pertsonekin dituzten gorputz harremanen bitartez eraikitzen da. Gorputzaren bitartez, elkarrizketa tonikoaren bitartez, haurrak zainduta, maitatuta eta onartuta edo gaizki tratatuta sentitzen dira”.
 
Egoera gehienetan, EIPSEn gurekin harremana izaten duten haurrek ezin izan dituzte harreman seguruak sortu, hazi diren testuinguru familiarrak ezin izan dielako eskaini kalitatezko harreman bat lotura segurua sortzeko.  J.Barudy eta M. Dantagnanen haurren tratu onen eredua kontuan hartuta, horrelako loturak sortzeko zailtasun horrek arazoak eragiten ditu jokabideetan (harremanetarako estrategiak) eta errepresentazio mentaletan (nor naizen, nola erlazionatzen naizen, nire bizitzako esperientzien arabera). Ohikoa da adingabe horietako askok  lotura saiheskorra, antsietate-anbibalentziazkoa edo desantolatua aurkeztea. Beste adierazle batzuen artean, haurrek emozioak erregulatzeko arazo handiagoak dituzte, enpatia gutxi, hausnartzeko gaitasunerako zailtasun handiagoa, jolas sinbolikoan gutxi edo batere ez inplikatzea eta, finean, garapen sozial eta afektiboan handicap bat izatea.
 
Haur batek Psikomotrizitate Laguntza programan parte hartzearen xedea da espazio seguru bat eskaintzea, bere atxikimendu figurarekin batera, loturen harreman hauskorra konpontzen laguntzeko. Ama, aita edo beste atxikimendu figura bat egotea ez da Psikomotrizitate Laguntzaren prozesuaren hasieratik egin behar den zerbait, eta, aldiz, alderdi guztiekin hau baloratzen da (haurra, gurasoa, bete atxikimendu figura batzuk, profesionalak): pertsona hori gelan egotea beharrezkoa den, sartzeko unerik egokiena zein den, psikomotrizitate gelan landu beharreko helburuak eta ekintzak (askotan, kontuan ez baita izaten nahi ez izatea, baizik eta adingabearen eskakizun esplizituei erantzun ezin izatea edo ez jakitea).
 
Espazio horretan, haurra seguru sentitzen da, eta, prozesuan laguntzen dion psikomotrizistaren laguntzarekin, zuzenean galdetu diezaioke atxikimendu figurari bere kezkei buruz edo itogarri zaizkion gaiei buruz, horien erruz ezin delarik lasai egon eskolan, familian, berdinekiko harremanetan eta norberarekiko harremanetan. Kezka horiek azaleratu egiten dira, eta, behar bezain egoki erantzutea lortzen ez den bitartean, galarazi egingo dute adingabearen prozesu emozionala, eta askatu beharko diren “lotura kezkatzaileak” sortuko dituzte. Askotan, jarduera eta egoera sozio-ekonomiko zailak egoten dira, isilpekoak, “familia sekretuak”, eta uste izaten da haurrek ez dituztela horiek ezagutzen, baina, adin txikikoak izanik ere, erabateko partaide izaten dira horietan, eta, ez direnez esplikatzen edo onartzen, magnifikatu egiten dira, eta ondoez eta itomen egoerak sortzen dira, ulertzen ez diren familiarekiko fideltasun eta leialtasun egoerak, lotura segurua ezartzeko garaian eragina izan dezaketenak. Lotura horretan ikusten dugu erreferentziazko figuraren presentzia eta absentzia dinamika bat egon ohi dela, askotan harremanaren haustura sentsazioa eraginez, bakardadea, galera haurrarengan, prozesu ebolutibo eta emozional osoan berarekin joango dena.
 
Kezka eta itomen horietarako erantzunak, askotan, ahozkoak izan daitezke, baina blaitu diren sentsazioak, haurraren gorputzean eta baita helduarenean ere markatuta geratu direnak, jolasean, gelan azaleratzen diren gorputz dinamiketan agertzen dira. Dinamika horiei esker, gabezia fisikoa edo emozionala adierazi daiteke lehen etapetan, konpondu gabeko itomen eta ondoez horiek inkontzienteki azaleratu daitezke, haurraren barne-barneko egituran txertatutako egoerak eta gatazkak berreguneratuz, espazio horretan, eta atxikimendu figurarekin batera, izendatu ahal izan daitezen, gatazka askatzeko lehen pauso moduan, eta lotura hauskorra konpontzeko edo indartzeko pauso moduan. Konponketa horrek familia sistemako kideen esparru eta arlo desberdinetan izango du isla, bakoitza indartuz eta birkokatuz, kideen arteko entzumena eta komunikazioa bultzatzeko, eta testuinguru bital horretan goxotasun eta kalitate handiagoa lortzeko.
 
Saio bateratu horietan haserre eta erasorako dinamika ugari hautematen dira gelan dagoen atxikimendu figuraren kontra, maitasun eta zaintza eskaera esplizituak, displazer eta plazer dinamikak, askotan, elkarrekin harremanak izateko, jolasteko eta elkar ezagutzeko modu desberdinak aurkituz, eta haurraren eta amaren edo figura esanguratsuaren artean komunikatzeko modu desberdinak aurkituz. Gerta baitaiteke ama batek, egoera askotan, bere bizitzaren historiagatik eta murgilduta dauden familia sistemagatik, arazoak izatea haurrarekin behar bezain lotura sanoa ezartzeko.
 
Atxikimendu figura horrek egindako lan guztia indartu egiten da taldeko (EIPSE) beste figura baten laguntasun eta harremanaren bitartez, psikomotrizitate gelatik kanpo. Laguntasun hezitzailearen edo psikologikoaren bitartez, edo gizarte langileak berak interbentzio prozesu osoan egindakoaren bitartez. Baliabide eta figura profesional desberdinetatik egiten den interbentzio horrek ezinbesteko guneak sortzen ditu elkarlanerako, koordinaziorako eta hausnarketa egiteko, haurraren alde lanean diharduten baliabide guztien artean.  Hori guztia gurasoekin batera, seme-alabekin batera, prozesuaren protagonista baitira, egon daitezkeen zalantzak argituz, ekintzak egokituz eta lotura indartzeko azken helburuan inpaktu positiboa sortuko duten jarduerak indartuz. Lan koordinatu horrek osatu egiten du psikomotrizitate gelan egiten dena, gurasoen konpetentziak indartuz eta, horrenbestez, seme-alaben gaitasun erresilienteak handituz.
 
Esperientzia horretatik abiatuta, pentsatzen eta ikusten dugu Psikomotrizitate Laguntzak, prozesu osoan gurasoei protagonismoa emanez (profesionalekin koordinatuta, banakako edo familiako saioetan, etab.), eta haiek saioetan ere parte hartuz, lagundu egiten duela gurasoen eta seme-alaben arteko lotura hauskor hori konpontzen, ahal den heinean. Harreman desberdin eta beraientzat berria den esperientzia batez disfrutatu dezakete, espazio seguru batean eta psikomotrizista baten laguntzaz –zeina lotura konpontzeko prozesuaren lekuko hunkitua baita–, “lotura afektiboko tiritak” sortzeko testuinguru bat ahalbidetuz, bi aldeek orain eta etorkizunean harremana indartu ahal izateko.
 

Iruzkinak

zure iruzkina utzi:


Beste Artikuluak

Data: 2018/12/13

Idazlea: Kepa Torrealdea Koskorrotza

Kargua: