Sinadurak

Ikasketa-Zerbitzua, talde proiektuak lantzeko proposamen bat.

2015/05/27

Victor Moreno

Psikologoa eta heziketa afektibo-sexualeko prestatzailea

“Kontatu zidaten eta ahaztu nuen, ikusi nuen eta ulertu nuen, egin nuen eta ikasi egin nuen”. (Konfuzio, K.a. 551-K.a. 479). 

Gure gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeetan ohikoa da gurasoekin eta adingabeekin taldeko proiektuak garatzeko erronka eta aukera izatea. Bateko edo besteko helburuetan zehaztuta, gazteen konpetentzia pertsonalaren garapenean laguntzen saiatzen gara, jarrerak, balioak eta trebetasun kognitibo, sozial eta emozionalak hurbilduz, beren harremanen testuinguruan sintonia pertsonala bultzatzeko.

Ikasketa-zerbitzua metodologia hezitzaile bat da, neska-mutikoen eta nerabeen taldeetan erabili ohi dena. Eurek hartzen dute protagonismoa, komunitatea hobetzera zuzendutako ekintzak planeatuz eta garatuz, ekintza solidario, ekologiko eta sozialki erreibindikatiboen bidez gauzatuta, batez ere ingurunean detektatzen direnei edo herritarrek sentitzen dituztenei begira. 

Proiektu bidezko metodologia bat da, ingurune errealean ezagutzak, trebetasun psikosozialak eta jarrerak mobilizatu, indartu edo ikasteko aukera ematen duena, horrek ikasketa esanguratsuak sortzeko baldintzak ezarriko baititu. Gainera, egiten den ekintza motak, komunitatearentzako zerbitzuak, lagundu egiten du taldeak balioetan oinarritutako heziketa zer den ulertu dezan.

Konfuzio baino zaharragoa izango da beharbada, baina 80ko hamarkadara arte ez zen bere horretan forma hartzen hasi, balio zibikoetan oinarritutako heziketa herritarren zerbitzurako praktikarekin uztartuta landu nahi zuten estatubatuar eskolen eskutik (Service-Learning). Gaur egun herrialde horretako eta beste batzuetako derrigorrezko hezkuntzan sartuta dago, esaterako, Holandan eta Argentinan.

Europako hezkuntza sistemetan sartzeko lagungarria izan da curriculumetan oinarrizko konpetentziak sartu izana. Praktikan, lan proposamen honek ikasketa akademiko eta pertsonal garrantzitsuak mobilizatzen ditu gizartearen eta lanaren inklusiorako. Ikastetxeetan Herritarrentzako Hezkuntzaren ikasgaia sartu izana ere elementu lagungarria izan zen esperientzia horiek bultzada berezia izan zezaten prestakuntza ziklo guztietan, baita unibertsitateetan ere, eta neurri txikiago batean hezkuntza ingurune ez formaletan. Ikasketa-zerbitzuko proiektuak gero eta ohikoagoak dira gure ikastetxeetan, eduki akademikoei zentzu praktiko eta baliagarria ematen dieten benetako praktika solidarioetan oinarritzen direlako.

Adibidez, lehen hezkuntzako haurrek gehien errepikatzen dituzten esperientzietako bat “odola emateko kanpainak” dira. Adingabeak direnez, ezin dute odola eman, baina helduak erakartzen dituzte kausa horren alde. Odolaren zirkulazio sistema, odol taldeak eta odolaren gainerako osagaiak ikasten dituzten bitartean, kontzientzia hartzen joaten dira, irakasleen laguntzarekin, gure ospitaleetan dagoen odol behar etengabeari buruz. Motibatu egiten dira eta kanpaina bat antolatzeko testuinguru lagungarria dute, estrategia bat pentsatzen baitute beharraren zabalkundea egiteko, eta euren parafernalia propioa sortzen dute: txartelak auzoko edo herriko dendetan, liburu markak, eransgarriak, etab. Erabakitako egunean, eskualdeko odol bankuaren unitate ibiltari bat joaten da, eta aurreko kanpainari eta neska-mutikoek kalean bertan egiten duten kanpainari esker odol emailez betetzen joaten da. Hainbeste urte igaro eta gero nire buruan odol taldeak eta “errehatxeak” nahasten zaizkidan bitartean, haur horiek, helduei azaltzeko eta erakusteko helburuarekin ikasi dituztelarik, seguru lortzen dutela eduki horiek hobeto finkatzea.

Esperientziaren arrakasta hain izan da handia, ikastetxe batzuetan urtero errepikatzen da, alde guztietan sortzen duen gogobetetzeagatik: irakasleak, odol bankuak eta ikasleak, zeinak urtero zain egoten diren, nolabaiteko urduritasunarekin, kanpainan parte hartzeko unea noiz iritsiko den.

Ildo horretan, argi ikusi ditzakegu ikasketa-zerbitzuaren oinarrizko osagai guztiak. Ikasteko esperientzia bat da: giza gorputzari lotutako edukiak ikasten dira eta, gainera, hainbat trebetasun eta jarrera iratzarri eta erabiltzen dira, horrelako ekintza bat jartzeko beharrezkoak direnak; komunitatearentzako zerbitzu bat da: planeatutako jarduera bat, izaera sozialekoa, bizi baldintzak hobetu nahi dituena; ekintzaren protagonismoa neska-mutikoei ematen die; osagai guztiak proiektu batean, helburu batean, ekintza plan batean antolatzen dira, aurreikusitako jarduera onik burutzeko; lortutako ikasketak irakasleekin ebaluatzen dira, esplizitu bihurtuz eta komunitateari emandako zerbitzuaren balioa agerian jarriz.

Eskuarki, hezitzaileak hasierako saio batzuk egin behar izaten ditu, beroketa moduan, neska-mutilak landu beharreko errealitate desberdinetara hurbiltzeko. Aurretiazko kontzientziazio eta motibazio horrez gain, proiektuaren garapenean lagundu eta aholkatu beharko dugu eta, logikoa denez, taldea zenbat eta gazteagoa izan hainbat eta gertutasun eta laguntza handiagoa beharko da.

“Pasatu ahuntza” Bartzelonako Carmelo auzoan hainbat urtez errepikatu zen beste ikasketa-zerbitzu bat da. Hainbat ikastetxetako nerabe eta gazteei aukera ematen zaie bertako banden parte hartzearekin kontzertu solidario bat antolatzeko. Jasotako dirua ahuntzak erosteko erabiltzen da, horrela Ekuadorko Catzuqui komunitatean (Velasco) esnea hartzen dela segurtatzeko, nutrizio arazoak baitituzte. Esperientzia horren bitartez herrialde hartako errealitatea ezagutzen dute.

Horrelako ekitaldi bat antolatzeko zeregin ugari bete behar dira eta oztopoak gainditu, eta horrek aitzakia ezin hobea ematen du lan hezitzailerako: bandekin harremanetan jarri, lokal egokia bilatu eta egokitu, sarrerak salerosteko sistema antolatu, behar diren baimenak lortu, hamaika ustekaberi aurre egin, etab.

Horrelako esperientzia batek arlo akademikotik kanpoko bizitza ikasteko ematen dituen aukerak askotarikoak dira: planifikatzeko trebetasunak, erabakiak hartzea eta arazoak bideratzea, pentsamendu sortzailea, taldean lan egiten ikastea, konpromiso eta konstantzia jarrerak.

Komunitateak berak edo ikasketa-zerbitzuaren esperientziaz baliatu diren pertsonek beti itzultzen diete begirada adeitsua lagundu dietenei. Ispilu sozial horrek norberaren balioaren sentimendua areagotzen du, eta hori bereziki interesgarria da hezkuntza ingurune ez formaletan, non hainbeste bazterketa prozesu gertatzen diren. Nola edo hala seinalatuta egoten diren eta tradizionalki heziketako esku-hartzeak jaso dituzten gaztetxoak eragile aktibo bihurtzen dira eraldaketa sozialari begira.

Metodologia honi buruz gehiago jakiteko jakin-mina baduzue, edo esperientzia gehiago ezagutu nahi baduzue, Sarean lardaskatzera animatzen zaituztet, azkar batean erreferentzia ugari aurkituko baituzue.


Victor Moreno

Psikologoa eta heziketa afektibo-sexualeko prestatzailea. Gizarte hezitzaile moduan prestatua. Gizarte hezitzaile eta psikologo lanak egin ditut hainbat erakundetan, eta 2014az geroztik Agintzarin dihardut.

Iruzkinak

Zure iruzkina utzi